Burrunbak zuzendaritza batzordea berritu du

ttipi-ttapa 2007ko otsailaren 7a

Azkenean Gorka Bidegainek hartuko du Jokin Apezetxearen lekua

Urtarrilez geroz, Gorka Bidegain da Doneztebeko Burrunba Gazte kultur taldearen presidente berria. Joan den abenduan, ohiko presidenteak, Jokin Apezetzeak, jakinarazi zuen 2006ko urte bukaeran kargua utziko zuela. Hori dela eta, hilabete berean, presidente berria izendatzeko batzarra egin zuten elkarteko kideek. Inor ez zen aurkeztu, baina hala ere, bildu zirenen 20 lagunen artean bozketa egitea erabaki zuten. Bittor Mendiburuk bildu zituen boto gehienak. Hasiera batean, ardura onartu bazuen, lana zela eta laster ohartu zen elkarteari denbora gutti dedikatuko ziola, eta orduan, boto gehien bildu zituen bigarrenari lekua uztea erabaki zuen, hau da Gorka Bidegaini. Beraz, hemendik aitzinera Iruñean igeriketa irakaslea den 25 urteko mutiko hau izanen da Burrunba elkarteko presidentea.

Presidentearena, ez zen zuzendaritza batzordean izan zen aldaketa bakarra, Asun Ezkurra diruzainak ere hala egin baitzuen. Hunen ordez, elkarteko kontuez Patrizia Mariñelarena arduratuko da. Ttipi Ttapari presidente berriak jakinarazi duenez idei anitz badituzte, baina bazkideekin eztabaidatu baino lehen ez dituzte aipatu nahi. Hala ere, erran digunez, orain arteko ohiko hitzorduekin segitzeko asmoa badute.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun