Herriko eskolaren arazoari irtenbide bat aurkitu nahian, Iturengo alkate, idazkari, guraso, ikasle eta irakasleak Iruñera joanen dira heldu den ortzegunean, hilaren 8an. Nafarroako Gobernuko ordezkari batekin bilduko dira konponbide bat adosteko eta 10:00etan prentsaurrekoa eskainiko dute. Iturengo ordezkaritza barnean dagoen bitartean gaineratikoek bi orduko egonaldia eginen dute Gobernuko egoitza atarian.
Hasiera batean, urtarrilaren 24an joatekoak ziren, baina elurra zela eta, otsailaren 8a arte atzeratu dute. Egun eskola Herriko Etxean kokatuta dago, eta ez ditu indarrean dauden segurtasun neurriak errespetatzen. Urtarrilaren erdialdean sute bat piztu zen Herriko Etxeko tximenean, nahiz eta ez zen larria izan. Gobernuak dagozkion ardurak hartzea eta konponbide bat eskaintzea nahi dute iturendarrek.