Obrek irauten duten bitartean, N-121-A errepideko trafikoa kudeatzeko plana beharrezkoa da EAren ustez

ttipi-ttapa 2007ko otsailaren 6a

Beharrezkoa diren heinean, moldaketak egin beharko lirateke 2. mailako errepidetan

N-121-A errepidean obrak egiten diren bitartean trafikoa bideratzeko plana idaztea eskatu dio EAko talde parlamentariak Nafarroako Gobernuari.

Alderdiak dioenez argi dago errepide nagusi horretan egin behar diren lanak eragin handia izanen dutela bertatik iragaiten den trafikoan. Horregatik nahitaezkoa iruditzen zaio ordezko aukerak proposatzea eta neurri batzuen hartzea. Talde parlamentariaren ustez ezin da egoera planifikaziorik gabe utzi.

Hauen ustez, kamioi nahiz autoen Irun eta Iruñea arteko trafikoa A-15 autobidetik zuzendu beharko litzateke, baina, Bortziriak, Malerreka eta Baztanera etorri behar den trafikoarentzat aukerak eskaini beharko lirateke plan bat idatziz eta alternatibak zehaztuz. EAkoek hainbat posibilitate ikusten dituzte, hala nola, Lesaka Oiartzun, Bera Ibardin, Bera Sara eta Doneztebe Leitza. Hala ere, hauen ustez, kasu batzutan trafiko handiagoa hartu ahal izateko moldaketak egin beharko lirateke aipatutako errepideetan. Behin-behineko aukerak badira ere, arazoak sortu baino lehen aurreikusi beharko litzateke, eta dagozkien neurriak hartu. Alderdiaren ustez, ongi antolatuz geroz, obrak trafikoan izanen dituzten eragozpenak ez lukete atzerapenak eragin beharko.

Irakurketa hori egin eta, EAko talde parlamentariak, eskakizun batzuk helarazi dizkio Nafarroako Gobernuari zer aurreikusi duen jakinaraz zezan.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun