Herriaren haunditzeak kezkak sortzen ditu herritar batzuen artean. Otsailean, “Idek Senpereri“ elkartea sortu zen herriaren geroaz gogoetak egiteko. Talde hunek ez du neholako lotura politikorik eta baikorki lan egin nahi du zabaldu behar diren bideetaz mintzatuz konparazione. Talde berriak ekarpenak egin nahi dizkio Herriko Etxeari. Denbora berean zonbait galde ere baditu ez baita argi zendako 12 metrako zabalera behar den Ibarrun inguruetan eginen diren bide berrietan. Auzokoen ustez, saihesbide bat baino haundiagoa izan ditaike bidea eta geroan kamiunen pasabidea bilaka ditaike. Baionarat buruz gateko saihesbide bat egitea galdetzen du elkarteak. Gisa berean, nahi luke karrika nagusia eta Lizardia arteko bideak hobetuak izan daitezen oinezkoentzat eta txirrindularientzat. Elkarteak espero du galde hauek kontuan hartuko direla Herriko Etxeak ondoko urteetan eginen dituen proiektuetan.