Zugarramurdiren adierazpenak auzitegira eramateko asmoa agertu du EAk

ttipi-ttapa 2007ko otsailaren 5a

Eusko Alkartasunako ordezkariak elkarrekin agertu ziren TTIPI TTAPA

EAJ-PNVko zinegotziak udalean irregulartasunak eta etika falta salatu zituen

Eusko Alkartasunako ordezkariek prentsaurrekoa eskaini zuten martxoaren 23an Donezteben. Maiorga Ramirez, Nafarroako EAko lehendakaria aritu zen solasean, eta berekin batera Mikel Irujok, Antolakuntza idazkaria Nafarroan, Ramontxo Etxebeste gaur egun Doneztebeko alkate denak eta Miguel San Miguel alkate ohiak, herriko batzordeak eta herriko Eusko Alkartasunaren afiliatuek parte hartu zuten babesa emanez. Prentsaurreko honen xedea Doneztebeko EAren ordezkaritzari sostengua ematea izan zen, Alfredo Zugarramurdi EAJ-PNVko zinegotziak egindako adierazpenak salatzeaz gainera. EAJ-PNVko Jesus Juanena eta Alfredo Zugarramurdi zinegotziek bere kezka agertu zuten, EAren «barne krisiaren» eraginez Doneztebeko udala geldirik dagoela erranez. Alde horretatik, Ramon Etxebestek alkate karguan segitzea nahi duten edo ez jakiteko herritarrei galdeketa egitea proposatu zuten. Horretaz gain, Miguel San Miguelen agintaldian eta gaur egun hirigintza arloan egiten ari diren zenbait ekimen «irregularrak direla eta sobera etikoak ez direla» salatu zuten PNVko zinegotziek.

Horren aitzinean hitz gogorrak egin zituen Maiorga Ramirezek eta PNVko zinegotziaren adierazpenak gezurra direla errateaz gain, abokatuen esku utzi eta auzitegietara jotzeko asmoa ere agertu zuen.

Miguel San Miguelek, alkate izan zen hamabi urteetan, zuzen jokatu zuela eta Donezteberen eta doneztebarren alde lan egin zuela azpimarratu zuen Maiorga Ramirezek.

Nafarroan indar abertzale ezberdinak Nafarroa Bai erakundean bildu direnean, «Zugarramurdiren hitzak ez direla egokiak» uste du Nafarroako EAko lehendakariak eta bere interes pertsonalak eta partidistak utzi eta Donezteberen alde lan egiten hasteko eskatu dio, «EAren izen ona zikindu ordez».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun