Bidasoa erreka gainditzen duen Espelosingo egurrezko zubi zaharra auzolanean moldatzen ari dira azken aste hauetan. Sunbillako koadrila batek zubia hagitz hondatua zegoela ikusi zuen eta konpontzeko lana elkarrekin egiteko prest agertu zen. Herriko Etxeari laguntza eskatu ondotik, azken asteotan jotake lanean ari dira zubia berritzen. Sunbillako Udalak diruz lagunduko die eta Nafarroako Gobernuari ere dirulaguntza eskatu zaio. Eskulana berriz, hamar sunbildarrek egiten dute.
Espelosingo zubia 1954an eraiki zen eta zura hondatua zegoenez, arriskutsua suertatzen zen handik pasatzea. Sunbillako koadrila hau egur berria jartzen ari da zubi osoan eta gero, zubi ingurua ere moldatzeko asmoa dute. Dena garbitu ondotik, harrizko mahai batzuk jartzeko intentzioa dute, jendeak denborapasa modu goxoan egoteko izan dezan. Lanaren aurrekontua 3.600 euro ingurukoa dela jakinarazi dute.