Baigorriko Basaizea kultur elkarteak apiril osoan eginen duen Kulturaldia bururatuz Nafarroaren Eguna ospatuko da apirileko azken igandean. Aurten 27garren aldikotz ospatzen da euskaldun guzien bilkura izan nahi duen egun honek. Bezperan, apirilaren 23an, Erramun Martikorena herriko artzain kantari famatua ohoratuko dute arratseko 9etatik aitzinera elizan eginen den kantaldi-omenaldi haundi batekin, Euskal Herriko txoko guzietarik joandako kantari eta musikariak lagun izanen dituztela: Niko Etxart, Joseba Tapia, Mikel Markez, Anje Duhalde, Peio ta Pantxoa, Jean Michel Bedaxagar, Eneko Labeguerie, Ramuntxo Carrere, Karlos Gimenez, Angèle Añorga, Mario Gachis eta Iker Goenaga, bertzeak bertze.
Arestian aipatu bezala, bi ekitaldi hauek izanen dira Kulturaldiko jendetsuenak, baina bertze hainbat izanen dira apirilaren 2tik 30era. Aurten gai nagusia hautatua du Basaizeak: «Lurra eta etxebizitza». Bi mintzaldi-eztabaden bidez eskualdeko egoera eta Nafarroa osokoa aztertuko dituzte. Basaizeak bertze erakunde batzuei ere laguntza eskaini nahi die eta horrela, ikastolan ahalmen urriko haurren eskolatzearen alde borrokatzen den Seaskako Integrazio Batzordearen aldeko kantaldia eginen da lehenik. Bertze kantaldi bat Filipe Aska kolektiboaren alde eginen da. Filipe Bidart Basaizeako kidea da eta 17 urte hauetan Clairvaux-en preso da, legearen arabera, baldintzapeko askapena 2003az geroz eskuratu beharko lukeen arren.
Bertze herritar batzuei ere lekua eginen zaie egitarauan. Haurren Egunarekin animazio egun bat euskaraz eskainiko zaie haurrei eta gero helduei, «Porru Salda» herriko taldeak bere irri emanaldi berria plazaratuko baitu.