«Tandema arraroa da hemen eta denak begira gelditzen zaizkigu»

Joseba OLAGARAI 2007ko ots. 5a, 18:07

Joseba OLAGARAI

• Duela zazpi urte hasi ziren Sunbillako Gari Larraburu eta Joana Hernandorena tandemean ibiltzen.

• Joana bizikletarekin bakarrik ausartzen ez zela eta probatu zuten tandema. Geroztik larunbat goiza edo arratsaldea pasatzeko aitzakia bihurtu da bientzat kasik astebururo.

• Eskualdean ibiltzen dira normalki baina etxetik urrunago, Bilbon, Iruñean, Donostian, Santanderren eta Italian ibiliak dira.

Zergatik tandema eta ez bizikleta Joana?

Ni Garirekin hasi nintzenean ez nekien bizikletan ibiltzen eta ez nintzen ausartzen bizikleta bakarrik ateratzera. Bere lagun batek tandem bat erakutsi zigun eta proba egin ondotik aunitz gustatu zitzaigun. Egun hartan hasi eta orain arte ez dugu utzi. Duela zazpi urte izan zen hori.

Zein desberdintasun du tandemak bizikletarekin alderatuz

Ez diozula inori esperatu behar. Gibelekoak egun txarra baldin badu lasaiago joaten ahal da eta aitzinekoak tiratu. Edo aldrebes. Tandemarekin garrantzitsua da biak elkarrekin joatea. Horrela, biek sufritzen dugu eta biek entrenatzen dugu berdin.

Anekdotarik ez zaizue faltatuko…

Bai, behin Guardia Zibilek harrapatu ninduten (Garik) semaforo bat saltatzen. Segituan geldiarazi ninduten. Zertan nenbilen galdetu eta serie bat egiten ari nintzela asmatu nuen momentuan. Eurek “ pues continue con la serie” erran eta Iruritako maldan sekulako abiaduran joan behar izan nuen, serie bat egiten ari banintz bezala, eurek gibeletik nituela. Seguraski irri ederrak eginen zituzten nire kontura!

Non barna ibili zarete tandemean?

Leku aunitzetan. Bilbon, Iruñean, Donostian, Santanderren, Italian… Italiakoa gainera berexia izan zen. Autokarabana batean joan eta bi egunez ibili ginen han tandemean. Hala ere, Italia hagitz arriskutsua da tandemean edo bizikletan ibiltzeko. Autoak hagitz abudo ibiltzen dira eta ez dute kontrolik, debekatua dagoen lekuan aitzintzen dute… Erroman bertan ere errepidea gurutzatzea ezinezkoa da. Hemen inguruan aunitzez hobekiago eta lasaiago ibiltzen gara.

Jendeak zer erraten dizue bide bazterretik pasatzen ikusita?
Egia erran tandema hagitz arraroa da hemen inguruan eta joaten garen tokira joanda, mundu guztia begira gelditzen zaigu. Aunitzek oihukatzen digute “eehh, gibelekoak ez dizula erreleborik ematen!”.

Heldu den ekainean eginen da "Quebrantahuesos" proba gogor eta ezaguna. Parte hartzeko intentziorik baduzue?
Bai, intentzioa bai. Lehengo urtean Sunbillako lagun batekin egin nuen (Garik) eta ikaragarri gustatu zitzaigun. Aurten Joanarekin egiten saiatuko naiz, tandemarekin. Kalkulatzen dugu 10 orduz egiten ahal dugula. 200 kilometro ditu eta hiru portu pasatu behar dira. Hagitz gogorra da baina saiatuko gara. Hori da gure helburua. Hala ere ez dugu agobiatu nahi, kilometro aunitz baitira eta ez dakigulako seguru egiten ahalko ote dugun.

Nora eginen zenukete gustura bidaia bat tandemean?
Gustatuko litzaiguke Valentziatik Andaluziara, kostaz, tandemean joatea. Goizez ahal bezainbertze ibili eta arratsaldetan hondartzara! Ez litzateke plan txarra izanen.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun