Ibarrako Unai Otañok aisa irabazi zuen apirilaren 3an Donezteben Beintza-Labaiengo Xabier Mindegiaren aurka jokatu zuen apustua. Aizkolari bakoitzak zortzi kana-erdiko eta bi oinbiko moztu behar izan zituen. Alde bakoitzak 1.500 euro jokatu zituen. Aizkolari bakoitzak bina erakusle eramateko aukera zuen. Otañok Iruntxiberri eta Mugertza izan zituen alboan; Mindegiak, berriz, bere aita eta Telletxea. Hasieran dirua Otañoren alde zegoen, 100-60ri, baina hasi eta berehala isildu ziren artekariak, berehala konturatu baitziren apustua nork eramango zuen. Lan erdietan bi minutu pasatxoko aldea zuen Otañok eta lanak amaitu zituenean, bertze bi enbor geratzen zitzaizkion Xabier Mindegiari. Bukaeran, zazpi minutuko aldea.