Partikularren esku dauden etxe historikoak moldatzeko dirulaguntza

ttipi-ttapa 2007ko otsailaren 5a

Etxalarko Iñarrea moldatzeko 102.572 euroko proiektua aurkeztu da. Nafarroako Gobernuak %20a, 20.514 euro, ordainduko du. TTIPI TTAPA

Nafarroako Gobernuko Kultura eta Turismo Departamentuak eman du

Nafarroako Gobernuko Kultura eta Turismo Departamentuak partikularren esku dauden 23 eraikin historiko-artistiko zaharberritzeko eta kontserbatzeko proiektuendako 203.524 euroko dirulaguntza eman du. Zaharberritze proiektu hauek Ondare Historikoaren Zuzendaritza Nagusiak gainbegiratzen ditu eta berak zehazten ditu eraikitzerakoan segitu beharreko irizpideak eta lanak egiterakoen erabili beharreko materiala. Dirulaguntzak, proiektuaren aurrekontuaren %15 eta %30 artekoak dira eta tartean, eskualdeko zenbait etxe moldatzeko laguntzak daude.

Honela, Oieregiko Erreparazea Jauregiko Jabeen komunitateak 2.076 euro jasoko ditu, hau da, 6.920 euroko aurrekontua duten moldaketa lanen %30a.

Etxalarko Mª Angeles Etxeberriak 20.514 euroko dirulaguntza jasoko du Iñarrea etxea zaharberritzeko. Lanen aurrekontua 102.572 eurokoa denez, %20 estaliko du laguntzarekin.

Eduardo Martin Gonzalezek 3.235 euro jasoko ditu, Erratzuko Iñarbilgo Zozaia jauregia moldatzeko 12.941 euroko aurrekontuaren %20a.

Arizkungo Gamixarrea etxea moldatzeko 7.084 euro hartuko ditu Jo ala Jo Kultur Elkarteak, 35.424 euroko aurrekontuaren %20a. Zugarramurdin, azkenik, Josefa Beola Sagarzazuk 7.652 euroko dirulaguntza hartuko du, Etxorgaraia moldatzeko aurkeztutako 51.016 euroko aurrekontuaren %15a.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun