Leurtzako beheitiko urtegian elbarriendako ibilbidea eginen da

ttipi-ttapa 2007ko otsailaren 5a

Gaineko argazkian, Burgete kontseilaria Beintza-Labaien eta Urrozko alkateen artean. Behean, urtegi inguruan Mikel Albisuren azalpenak jasotzen. ttipi-ttapa

Ingurumen kontseilaria Urrotz eta Beintza-Labaiengo alkateekin bildu zen

Jose Andres Burgete, Nafarroako Gobernuko Ingurumen, Lurralde Antolaketa eta Etxebizitza Departamentuko kontseilariak Leurtzako urtegia bisitatu zuen apirilaren 12an, urtegi honetako natur eta jolas eremuko mantenimendurako Urrotz eta Beintza-Labaiengo

Udalekin duen hitzarmena berritzeko. Izan ere, 1986an sinatu zen hitzarmen hau hogei urterako eta, beraz, 2006an akituko da. Ingurumen kontseilaria Inaxio Urroz eta Francisco Javier Otxandorena, Urrotz eta Beintza-Labaiengo alkateekin eta Martin Lazkano eta Angel Elizondo zinegotziekin bildu zen, eta urtegi ingurua kudeatzen duen Orbela enpresako Mikel Albisurekin batera, Leurtza bisitatu zuten. Jose Andres Burgetek jakinarazi zuenez, aurten 57.750 euro inbertituko dira Leurtzan, zenbait lan egiteko. Zehazki, dirutza horren %44,67a, PR-102 ibilbidea Beintzarekin lotzeko erabiliko da, baita elbarriendako aparkalekua eta komuna eraiki eta ezintasunak dituzten pertsonentzako ibilbidea moldatzeko beheitiko urtegian. Hitzarmena sinatzeaz gain, eremu eder hau bulegoetatik urrun ezagutzeko aukera probestu zuen kontseilariak. Bestalde, beti bezala Urrotz eta Beintza-Labaiengo udalen artean Leurtzako zainketa eta mantenimendu lanak banatuko dituzte. Orbelako Mikel Albisuk jakinarazi zuenez, inguruan dauden ikatz txondorrak berreskuratzeko asmoa ere badute.

Natur eremua 1987tik

Leurtzako urtegia natur eta jolas eremua izendatu zuten 1987an, bere balore ekologikoengatik. Bisitari kopurua aunitz igo da, batez ere azken urteotan. 2002. urtean 15.000 bisitari izan zituen, 2003an 20.000 eta joan den urtean 30.000 lagun kontatu ziren. Joan den urteko abuztuko egun batean mila bisitari baino gehiago izan ziren Leurtzan.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun