2005eko martxoa izan da azkeneko hamabi hilabeteetan, 1994tik honat, Nafarroan sute gehien izan dituen hilabetea, guzira 310 izan baitziren. Urtarrileko 36 suteekin eta otsaileko 66ekin batera, guzira 412 izan dira neguko sasoi honetan. Horrela jakinarazi zen apirilaren 8an, Oihan Suteen kontrako Borroka Batzordeak, suteen prebentzio taldeei buruzko lan-jardunaldiaren barnean Bertizen egindako prentsaurrekoan.
Nafarroa osoan martxoan 310 sute izan badira, gehienak ttipi-ttapak hartzen duen eskualdean izan dira, Oronozko suhiltzaile parkeak 80 ateraldi izan baititu matxoan. Suterik handiena Erratzuko Auza mendian izan zen martxoaren 18an, 70 hektarea erre baitziren. Otsailean 7 ateraldi bakarrik egin zituzten Oronozko suhiltzaileek eta urtarrilean 6.
Prentsaurrekoan jakinarazi zenez, Espainiako Ingurumen Ministeritzak, Oihan Suteen aurkako Prebentzio Integralerako taldeak sortu zituen, larreak hobetzeko sua baimenarekin egiten dutenei laguntzeko eta erakusteko. Espainia osoan gisa honetako sei talde daude eta Nafarroan dagoen bakarra Baztanen dago, 2002ko udazkenetik lanean ari dena.