Navarra de Medio Ambiente Industrial (NAMAINSA) enpresak herriko ostatuak bisitatu ondotik egindako txostenean oinarrituta, Doneztebeko udalak musika aparatuak 75 dezibeliotara mugatzeko tresna jartzea eskatu die herriko ostatuei. Horretaz gain, ostatu barnean sortzen ahal diren soinuak legeak agintzen duenera mugatzea ere eskatu die. Tresna mugatzaile hauek jarri ondotik, ostatuetako jabeek hamabortz eguneko epea izanen dute, instalazioa egin duen teknikoaren ziurtagiria aurkezteko.
Bertze aldetik, Kaxerna ostatuaren inguruan bizi den bizilagun batek Nafarroako Arartekoari egindako salaketaren inguruan ere aritu ziren udal batzarrean, arartekoaren beraren eskutitza jaso baita. Ostatu hau eta bizilagunaren etxea bisitatu zuten NAMAINSAko teknikariek. Bere txostenak dioenez, ostatu honek ez du soinu isolatzaile egokirik eta etxebizitzan 37,1 dezibelioko soinuak neurtu ditu foruzaingoak, gehieneko muga baino 7,1 dezibelio gehiago. Udalak hiru hilabeteko epea eman dio Kaxerna ostatuari arazo hauek moldatzeko.