Nafarroako Enplegu Zerbitzuak Donezteben duen bulegoan izen emandako langabetu kopurua %4,10 jautsi zen martxoan. Martxoaren hondar egunean 632 langabetu zeuden, otsailean baino 27 guttiago. Beti ere kontuan hartu behar da Aste Santuan tartean zela eta horren eraginez langabezia urtero jausten dela, baina aurten bertze urteetan baino guttiago jautsi da. Gainera, otsailean zeuden 659 langabetuak azken urteetako kopururik handiena izan zen.
Martxoan 363 kontratu berri egin ziren eskualdean, baina horietatik 43 bertzerik ez ziren mugagabeak izan. Langabetu kopururik handiena, 25 urtetik goitiko emakumeen artean dago, 321; 25 urtez goitiko 222 gizaseme daude lanik gabe, 25 urtez beheitiko 48 emakume eta adin horretako 41 gizon. Sektoreka, industrian jautsi da gehien bat langabezia, otsailean baino 20 langabetu guttiagorekin, baina halere oraindik 197 langabetu daude. Zerbitzu arloak ditu langabetu gehien, 362, otsailean baino 5 guttiago. Eraikuntzan 41 langabetu daude, otsailean baino 8 guttiago, nekazaritzan 8 eta lehenagotik lanik egin ez duten 24 langabetu daude.