Duela hilabete batzuk Bortzirietako Osasun Kontseiluak Nafarroako Gobernuko osasun arloko arduradunekin izandako bileran, emakumeendako arreta zerbitzua Bortzirietan ere eskaintzea planteatu zen. Jakina da orain Baztan-Bidasoa osoko emakumeek, Zugarramurditik hasi eta Bera artekoek, Elizondoko Osasun Zentroan jasotzen dutela zerbitzu hori eta Bortzirietako ordezkarien eskaria bitan banatzea izan zen, Lesakako Osasun Zentroan ere zerbitzua eskaintzeko. Kontuan hartu behar da Bortzirietako emakumeen %20a bakarrik joaten dela Elizondora, joan-etorria nahiz itxaron-zerrenda luzeak izaten direlako.
Horregatik Bortzirietako emakume aunitzek Gipuzkoa aldeko zentro pribatuetara jotzen dute, ginekologia zerbitzuak jasotzera. Deñe Abuin, Lesakako zinegotziaren ustez, Elizondok eta Lesakak elkarrekin emanez gero, zerbitzua aunitz hobetuko litzateke. Nafarroako Gobernuko ordezkariak ados zeuden, baina leku gehiago behar zela aipatu zuten. Juan Fermin Mitxelena Lesakako alkateak jakinarazi zien Lesakako osasun zentroa handitzeko aukera badela, gibeleko aldean eta Zahar Etxe aldera dauden lurrak Udalarenak baitira. «Gero, profesional gutti zituztela erraten ziguten, pediatra gutti, ginekologo gutti… eta hor dagoela arazoa. Arazo hori beraiena da, argi eta garbi».
Momentuz, Bortzirietako Osasun Kontseilua duela urtebete berriz ere lanean hasi zenetik, Osasun Zentruko gizarte-laguntza zerbitzua berreskuratzea lortu da. Deñe Abuinek adierazi duenez, orain guttienez lanaldi erdia eskaintzen da, eta lanaldi osora ailegatzea nahi dute. Lehen Bortzirietako Mankomunitateko gizarte laguntzailea eskualde osorako aritzen zen eta, normala denez, ezin zen beharra duten pertsona guztiengana ailegatu. Bertze aldetik, pediatria zerbitzua ere sendotu da, Beran eta Lesakan eskaintzeko eta garai batean Bortzirietan eskaintzen zen emagin edo matrona zerbitzua berreskuratzeko lanean ari dira Osasun Kontseilutik.
Emagin zerbitzuaren barnean erditze aitzineko gimnasia
Momentuz, emagin zerbitzu horren barnean, erditzea prestatzeko ikastaroa antolatu dute. Maiatzaren 2an hasiko da, goizeko 11:30etatik 13:30etara Beti Gazte elkartean. Dena den ordutegia eta egunak, izena ematen dutenen interesaren arabera aldatzen ahal dira. Ikastaroa hasteko guttienez hamar lagun behar direnez, parte hartu nahi duten haurdunek lehenbailehen deitu beharko dute 948 581835 telefonora edo informazio gehiago eskatu Lesakako Herriko Etxean. Zerbitzu hau Bortzirietako emakumeei eskainiko zaie, edozein ginekologora joaten direla ere. «Emakume guziek eskubidea dute joateko erditze aurreko programazio honetan parte hartzeko. Hamar emakumera ailegatzen ez bagara, maiatzean emanen da, baina ekainerako galduko dugu zerbitzu hori. Haurdun egonez gero, lanean ordu bat hartzeko eskubidea duzu egunero. Gimnasiaz gain, emagin programak baditu gauza gehiago, hitzaldiak. Ahal bada, programa osoa ekarri nahi dugu Lesakara».
Bortzirietako 400 emakumeei egindako inkesta
Berriki jakinarazi dira Soziologia Lantegia enpresak Bortzirietako gizarte zerbitzuen eskariz 400 emakumeri egindako inkestaren emaitzak. Horietatik %96ak eskualdean ginekologia zerbitzua izatea eskatzen du eta %93a familia planifikazioa zerbitzua jartzearen alde dago. Osasun arloan ongi zainduak sentitzen ote diren galdetutakoan, emakumeen %2,8ak “hagitz ongi” erantzun zuen, %45,5ak “ongi”, %32,5ak “erdizka”, %13,3ak “gaizki” eta %3,8ak “hagitz gaizki”.
Ikerketaren arabera, jubilatuen egoitza da eskualdeko zerbitzu eta erakundeen artean banaz bertzeko puntuaziorik onena lortu duena, 7,2. Ondotik Osasun Zentroak 5,9 eskuratu du eta herriko elkarteek 5,7. Udaletxeek hartu dute puntuaziorik eskasena, 5,2koa banaz bertze. Bortzirietako emakumeei eragiten dien arazorik nagusia langabeziarena da, galdetutakoen %38,5ak hori erantzun baitu. Ondotik etorriko lirateke garraioa (%20,5), eskualdean ginekologia eta familia planifikazio zerbitzurik ez izatea (%17,3) eta etxebizitza eskuragarririk ez izatea (%15,3).
Ikerketa honetan parte hartu duten emakumeen banaz bertzeko adina 44,6 urtekoa da eta erdia baino gehiago ezkondurik dago. 30 urtez beheitiko emakumeen %71,3a ezkondu gabe dago. Emakume guztien hirutik batek etxetik kanpo egiten du lan, gehienak kontratu finkoarekin eta %19,2a behin behineko kontratuarekin. Bortzirietako emakumeen lanpostuen %82,7a zerbitzu pertsonalak, ostalaritza eta komertzio arlokoak dira.