Martikoren Green Cup taldea Munduko txapeldun Argentinan

Aitor AROTZENA 2007ko ots. 5a, 15:32

Goitiko argazkian, Green Cup-Martiko taldeko kirolariak ageri dira, gustora lortutako sari eta dominekin. Beheitian, Patagoniako probaren mendi bizikletako tartearen irurdi bat. TTIPI TTAPA

Mitxel Aginaga narbartearra bosgarren izan zen

Apirilaren 10ean jokatu zen Argentinan, Patagoniako San Martin de los Andes hirian, Munduko mendi Duatloi Green Cup txapelketa. Bertan, Green Cup-España Martiko taldearen izenean parte hartu zuen Mitxel Aginaga narbartearrak meritu handiko bosgarren postua eskuratu zuen, 180 partehartzaileren artean. Ez zen Green-Cup Martiko taldearen arrakastarik handiena izan, talde honetako Santi Arnések eta Fernando Ricak eskuratu baitzuten lehendabiziko eta bigarren postua, Munduko txapeldun eta azpitxapeldun izanik. Kataluniako selekzioko Victor del Corralek osatu zuen podiuma. Laugarren postua, Argentinako Ricardo Kurruinkak eskuratu zuen. Mitxel Aginagaren gibeletik, Kataluniako selekzioko Joan Freixak seigarren postua lortu zuen eta Green Cup-Martiko taldeko Marco Cuesta bederatzigarren izan zen. Partehartzaileek 7,3 kilometro laisterka, 30 kilometro mendi bizikletan (tartean 4 eta 10 kilometroko portuak igoz 640 metrotik 1.450 metroko altueraraino) eta azkeneko 7,6 kilometroak berriz ere laisterka egin behar izan zituzten.

Emakumeen artean ere, Green-Cup España Martiko taldeko kirolari bat izan zen irabazle eta Munduko txapeldun, Yolanda Magallón.

Taldekako sailkapenean, talde bakoitzeko hiru lehenbizikoek puntuatzen zutenez, Green Cup-Martiko izan zen irabazle, Argentinako Valle de Montaña-Neuquen taldearen eta Kataluniako selekzioaren aitzinetik.

¡

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun