Arkupeak erretiratuen elkarteak omenaldia eskainiko dio maiatzaren 26an bere herrietako delegatuei, bizi direnei nahiz hil direnei. Elkarteak hogei urte bete ditu aurten eta bereziki eskerrak eman nahi izan die delegatuei urte hauetan egindako lan handiarengatik. Horretaz gain, egun berean omenaldia eskainiko dio Nafarroako Gobernuko Gizarte Ongizate kontseilaria izan zen Calixto Ayesari.
Ospakizuna Gorraizko Gazteluan eginen da. 13:00etan, Gorraizko kaperan meza izanen dute, omenduei eta hildakoen senideei eskainia. Ondotik, oroigarriak eskainiko zaizkie Gorraizko gazteluko dantza-aretoan eta gero bazkari ederra izanen dute. Bazkalondoan, dantzaldia izanen dute Joxe Angel akordiolariarekin. Etxerako 20:15etan izanen dute. Egun honen prezioa ohikoa da, 25 euro, baina omentzen dituzten delegatu eta delegatu ohiek eta hildako delegatuen senide batek doan izanen dute besta. Gainerako senideek, bertze bazkideen prezioa ordaindu beharko dute, hau da, 25 euro. Izen ematea ohiko lekuetan egin behar zen apirilaren 30a baino lehen.