Xareta ingurua ezagutzeko bidaia antolatu da Natur Parketik

ttipi-ttapa 2007ko otsailaren 5a

Sarako Ortillopitz baserria bisitatuta, XVII. mendeko euskal baserri tipikoa nolakoa zen ikusiko dute bidaiariek. TTIPI TTAPA

Maiatzaren 22an Zugarramurdi, Urdazubi eta Sara bisitatuko dituzte

Bertizko Jaurerriko natur parketik Xareta ingurua ezagutzeko ateraldia antolatu dute maiatzaren 22rako.

Autobusa 9:00etan abiatuko da Doneztebetik eta ordu laurden beranduago Elizondotik pasatuko da jendea jasotzeko. 10:15etan Zugarramurdira iritsiko da autobusa eta kafea hartzeko atsedenaldia izanen dute. 11:00etan Zugarramurditik Urdazubira oinez joanen dira bidaian parte hartzen dutenek, kontrabandistek erabiltzen zuten bidearen zati bat eginez. 12:30etan Urdazubiko lezeak bisitatuko dituzte eta 14:00etan Urdazubiko Indianobaita jatetxean bazkaria izanen dute.

Akitzeko, bazkalondoan, 17:00ak aldera 1660. urte inguruan egin zen Sarako Ortillopitz baserria ezagutuko dute eta bertan aintzinako bizimodua azalduko zaie bidaiariei. 18:15etan Saratik abiatuko da berriz autobusa, Elizondo eta Doneztebera itzultzeko 19:30etan.

Bidaiaren prezioa 12 eurokoa da, autobusa eta sarrerak barne daudela. Apuntatzeko epea maiatzaren 15ean akautuko da. Bazkaria aparte ordaindu beharko da. Ordainketa bankuaren bitartez eginen da. Informazio gehiago nahi izanez gero edo izen emateko, Bertizko Natur Parkearen 948 592421 telefonora deitu behar da.

63.280 bisitari

Bertizko Jaurerriko natur parkeak 63.280 bisitari izan zituen 2004. urtean. Horietatik 41.266 Naturaren Interpretazio Zentrora sartu ziren eta 37.001ek Turismo Bulegoaren zerbitzuak erabili zituzten. Ohikoa denez, abuztua izan zen bisitari gehieneko hilabetea, 12.077. Urtarrilean, aldiz, bakarrik 793 bisitari izan ziren.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun