• Antton Espelosin sunbildarrak «Ramon Latasa: Basoko aizkolaria» izeneko liburua argitara eman du.
• Salmentekin lortzen den dirua, Sunbillan aizkolariaren izena izanen duen plazan eskultura bat jartzeko erabiliko da.
• Latasa herriak izan duen kirolaririk onena izan dela uste du Antton Espelosinek eta ongi iruditzen zaio plazari bere izena ematea: «Denak konforme dira, ez dut inor horren kontra somatu!».
Zerk bulzatu zaitu gisa honetako liburu mardula egitera?
Sunbillan kirolari handi bat izan genuen, Ramon Latasa, herriaren izena zabaldu zuena. Beretaz oroitzen garela erakusteko, bere bizimodua eta aizkorarekin egin zituen balentriak agertzeko liburu batean kontatzea gogoratu zitzaidan. Gazteek ez dute haren berri eta liburu honekin jakinen dute nor zen Ramon Latasa.
Zer kontatzen du liburu honek?
Lehenbiziko bere bizia kontatzen dut eta gero, aizkolari handiek Latasari buruz eman duten iritzia bildu dut, Mindegia, Arria II eta Patxi Astibiaren iritziak. Azkenik, Latasak jokatu zituen apostu eta txapelketei buruzko informazioa biltzen da, berak zortzi txapelketetan eta hamabortz apostuetan hartu zuen parte. Dena, noski, argazkiekin hornitua.
Hoberena liburua erostea izanen da, baina Latasari gertatutako bitxikeriren bat kontatzen ahal duzu?
Bere bizitzan sufritzea tokatu zitzaiola aipatuko nuke. Familia xumekoa zen, gaztetan kontrabandoan aritu zen bertze hainbertze bezala. Kontrabandoan ari zela, istripu bat izan zuen momenturik onenean zegoenean, aizkoran kontrariorik ez zuenean. Guardiazibilek alto eman eta ihesi abiatu zenean tiroa eman zioten izterrean. Asegururik ez zuenez, klinikan egon zen denbora aunitz ordaintzea tokatu zitzaion. Gero, aizkoran zuen abilidadea aipatuko nuke. Apostu baten gibeletik zela, korredoreek dirua bere kontra kantatzen zuten eta berak aizkora utzi eta bere alde apostu egin omen zuen. Oraindik ere korredoreek kontra kantatzen eta bigarren aldiz bere alde apostu egin zuen. orduan hasi omen zen aizkoran, kristoren erakustaldia egin eta proba eta apostuak irabazi zituen. Horrelako aunitz ditu kontatzeko!
Liburua osatzeko dokumentazio lan handia egin duzu, bai testuak idazteko baita argazkiak lortzeko ere. Nola moldatu zara?
Liburu hau edozein idazlek hobe eginen luke, baina nire burua ikusten dut liburua hartu eta aspertzen naizela, argazkirik ez badu. Argazkiak banituen, baina apostu guzietakoak lortu nahi nituen eta hor barna galdetuz bildu ditut, Donostiako Fototekan ere bai. Hor joan da lanik gehiena. Gero, Leitzako Miguel Zabaletak eskuratu zizkidan datu aunitz. 78 urte ditu eta Latasarekin aunitz ibilia, apostuetan eta. Harritu nintzen haren memoriarekin! Donostiako Koldo Mitxelena artxiboan ere begiratu nituen lehengo egunkariak, Basarriren artikuluak.
Latasari buruz aunitz ikasi izanen duzu… Nolakoa zen?
Fenomeno bat! Guttitan ateratzen da horrelako aizkolari bat, dohain bereziak zituen. Luxiaren kontrako apostuan erakutsi zuen bere abilidadea. Baina inor ez da perfektua eta igual burua ez zuen behar haina erabili, gehiago erakuts zezakeen. Gero, bazterretik ere dominatu zuten pixko bat.