Ituren, Aurtitz eta Zubietan, inauterien ondotik Kontuen Eguna ospatzen dute. Zubietan ondoko asteazkenean egiten da, baina Ituren eta Aurtitzen indarrak berreskuratu arte itxoiten dute, eta ondoko asteburuan egiten.
Izena berak dioen bezala, egun hori aprobetxatzen dute inauterietan egin dituzten zor guziak ordaintzeko. Besta egunetan, gosariak, bazkariak eta afariak ordaintzeaz ez dute arduratu behar, baina, kasu batean asteazkena, edo bertzean larunbata, ailegatu bezain laster gastu guzien kontuak egiten dituzte norberak duen zorra kitatzeko. Inauteritako egun guzietan egoten ez denak, bakarrik hartu dituen otorduak ordaintzen ditu, bertzeek berriz forfaita gisako bat. Hori da Kontuen Eguneko helburua, baina zalantzak izan ditzakegu horren kari bertze besta eta otordu batzuen egiteko egitaraua prestatzen dutelako.
Aipatu bezala Zubietan joan den asteazkenean ospatu zuten eta Iturenen larunbatean eginen dute. Goizean, herriko dantzariek saioa eskainiko dute herriko plazan. Ondotik aitzineko larunbatean bezala aizkora apustua eginen da maila oneko lau aizkolari gazteen artean. Aurtizko semea, Ander Erasun, Jon Rekondo leitzarrarekin arituko da Larretxeatarren aurka, Garikoitz eta Oihanen aurka. Azken aldian erakutsi duten mailarekin Ander eta bere bikote kidea izanen dira faboritoak, baina Larretxea lehengusuek ez dute aise hetsiko. Kirola alde batera utziz, bertsoak entzuteko aukera ere egonen da bertan egonen baitira Igor Elorza eta Jesus Mari Irazu. Eguerdiak izanen dituztela Herriko Etxean bazkalduko dute. Arratsaldean berriz ere bestan segitzeko aukera izanen da dantzaldia eta afaria aurreikusi dituztelako. Aurtitzen kontuak biharamunean eginen dituzte Herriko Xaharren bazkariarekin batera.