Institutuetako musika ikasleek kontzertuak emanen dituzte

ttipi-ttapa 2007ko ots. 2a, 13:27

Leitzako pilotalekuan maiatzaren 27an eskainiko dute emanaldia. TTIPI TTAPA

Lekaroz, Bera, Doneztebe, Leitza eta Altsasun izanen dira egunotan

Urtero bezala, aurtengoan ere Lekaroz, Bera, Doneztebe, Leitza eta Altsasuko institutuetako 500 ikasle bost herri hauetan bilduko dira musika arloan ikasturtean zehar ikasi eta landutakoa eskaintzeko asmotan. Honela, ortziral honetan, maiatzaren 20an, Lekarozko institutuko kiroldegoan eskainiko dute emanaldia, 17:30etan. Heldu den asteartean, maiatzaren 24an, Berako Eztegara pilotalekuan izanen da kontzertua ordu berean. Maiatzaren 25ean, asteazkena, Doneztebeko pilotalekuan izanen da musika emanaldia, hau ere 17:30etan. Maiatzaren 27an, ostirala, Leitzako pilotalekuan izanen da kontzertua, gainerako emanaldien ordu berean eta, azkenik, Altsasuko pilotalekuan maiatzaren 30ean, astelehenean eginen dute kontzertua.

Kantutegiari dagokionez, mota desberdinetako abestiak entzuteko aukera izanen dela jakinarazi dute antolatzaileek: mutxikoak, euskal abestiak, Irlandako folka. Hego Afrikako musika, rock estiloko abestiak eta ikasleek asmatutako abesti bat ere izanen da entzungai.

Emanaldiak, «Buhamiak» kantu herrikoiarekin hasiko dira. Ondotik, Blus Brothers-en «Everybody needs somebody to love», Manu Chaoren «El desaparecido», Imanolen «Koplak», Sowetoren «Imbube», herri musika irlandarraren «Whiskey in the jar», Asier Jauregiren «Euritan», Ken 7ren «Ilargia», Red Hot Chilli Peppersen «Otherside», Oreka TXren «Keinuka ilargiari» eta The Buggles taldearen «Video Killed The Radio Star» kantuak eskainiko dituzte institutuetako musika ikasle hauek.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun