23 urte azpiko Binakako Urrezko Txapelketaren ligaxkako azken jardunaldia jokatzekoa zen asteburu huntan, baina aldaketak direla eta, B multzokoak baizik ez dira arituko.
A multzoan, Rekondo eta Erasun, Alkizalete II.a eta Gorritiren aurka lehiatzekoak ziren, Larretxea lehengusuak berriz Mindegia eta Rodriguezen aurka, baina zoritxarrez, Xabier Mindegia ez da oraindik osatu zangoan duen zauriaz. Bertzale, Alkizalete II eta Gorritik, leitzarra eta aurtiztarraren aurka irabazteko aukera gutti zutela, ikusiz mailan duten aldea, Egur Sporteko arduradunek A multzoko hirugarren jardunaldia suspenditzea erabaki dute. Hortaz gure eskualdeko bi bikoteak dira finalerdietara pasatuko direnak, Rekondo eta Erasun, eta Oihan Larretxea eta Garikoitz Larretxea. Azken hauek txapelerako faboritoak diren Aldape eta Atutxa bizkaitarren aurka arituko dira. Leitzarrak eta aurtiztarrak oraindik ez dakite noren aurka arituko diren, B multzoko bigarren postua ez baita erabakia. Larunbatean, San Blas egunean jakinen dituzte aurkarien izenak, Mugertza anaiak edo Amillano eta Kañamares. Norgehiagoka hau Legution jokatuko da eguerdiko 12:30ean eta irabazleak txapelketan segitzen ahalko du.
Ligaxkako bertze saio guzietan bezala hauexek izanen dituzte garaipena erabakitzeko egin beharreko lanak. Hasteko 45 ontzako enborra kolpeka, erdia aizkolari batek, eta bertzeak bikote kideak. Ondotik erlojuaren aurka, eta lana erditik banatuz 45 ontzako bi enbor moztu beharko dituzte. 3. eta 4. probak txanda librean izanen dira, lehenean 45 ontzako bat moztu beharko dute zutik, eta bigarrenean berriz, 60 ontzako bat etzanda. Saioa bukatzeko ohi denez iraupeneko probari ekinen diote. Horretan bi 45 ontzako eta 4 kana-erdiko moztu beharko dituzte. Iazko txapeldunak dira faboritoak finalerdietarako txartela lortzeko baina Nafarrek ongi arituz gero ezustekoa eman dezakete.