Lesaka eta Elizondon Santa Ageda bezpera ospatuko dute

ttipi-ttapa 2007ko otsailaren 2a

Santa Ageda torturatu eta hil zuten Quintanius Senatariari aurre egiteagatik

Euskal Herriko hainbat herritan bezala, Lesakan ere Santa Agaderen bezpera ospatuko dute Tantirumairu ikastolako ikasle, irakasle eta gurasoek. Makila eskuan izanen dutela, eskean eta kantuz ibiliko dira karrikaz karrika. Arratsaldeko 17:00etan abiatu eta, trikitixa taldearen laguntzarekin herrian barna haien ahots gozoak entzuten ahalko dira.

Elizondon ere ospatuko dute Santa Ageda bezpera, Baztandarren Biltzarreko Elkarteak eta Baztango Ikastolak antolaturik. Arratsaldeko 16:30ean ikastolako parketik abiatuko dira herriko karriketan barna ibiltzeko fanfarearen laguntzarekin. Lehen geldialdia Maurizio eta Felix enparantzan izanen dute, hortik Saskaitz plazara eta apezaren etxera joanen dira. Zahar-etxean gelditu ondotik Foru plazan bukatuko dute.

Euskal Herrian ohitura aspaldikoa da, herri eta hiritan koadrilaka banaturik, Santa Agedari koplak kantatzen zaizkio, eta denbora berean, etxez etxe edo baserriz baserri eskea eginez. dirua biltzen da edozein helbururako. Adituek diotenez, garaian, Santa Ageda bezperan eskean ibiltzen zirenak, zerbitzu militarrera joaten ziren mutilak ziren. Aukera baliatuz, diru pixka bat eskuratzen zuten denak batera otordu baten egiteko. Gaur egun berriz adin guzietako jendea ibiltzen da, baina gehienetan, eskolak edo ikastetxeak izaten dira, urte bukaerako bidaietako dirua biltzen dutenak.

Gaur egun ohitura erlijioarekin gutti lotzen bada, jatorria hortik dator. Ageda III. mendean bizi izan zen Sizilian, eta familia oneko emakume ederra zen. Hain polita, non eta, Quintianus senatariak beretzat nahi zuen. Emakumeak, agintariak egindako proposamenak ez zituen onartu dagoeneko Jesukristori hitza emana ziolako. Gustukoa zuen neska gaztea bereganatzeko erabiltzen ahal ziren metodo guziak saiatu zituen Quintianusek, batzuk zuzenak bertzeak berriz bihurriak. Hala ere Agedak ez zuen hetsi. Horren aitzinean senatariaren mendekua ikaragarria izan zen, neska gaztea, torturarazi zuen, bularrak moztu zizkioten eta azkenean sutan zen ikatzaren gainean bota zuten Siziliako Catania herrian. Istorioak dioenez, Santa Ageda hil eta urte bat beranduago Etna su mendia iratzarri zen. Orduan Catania herriko biztanleek herriko santa otoiztu zuten hondamendia gelditzeko. Eta hala gertatu zen. Orduz geroztik herriko babeslea da, baina bertze hainbat gauzetarako ere otoizten da, adibidez bularreko mina kentzeko eta haurdunaldiak errazteko. Gehienetan emakumeen zaintzailea izaten da. Igandean karrikaz karrika ibiliko diren lagunek historiari kasu handirik ez diote eginen baina ohiturak biziarazten lagunduko dute.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun