Urrutia erremontelari txapeldunari omenaldia eginen dio herriak

ttipi-ttapa 2007ko otsailaren 2a

Migel Mari Urrutiak erremonteko txapel handia jantzi du bikoteka. Utzitako argazkiak

Maiatzaren 29an hainbat ekitaldi antolatu dira, erremonte partida tartean

Saldiasko herriak, Miguel Mari Urrutia herriko erremontelaria eta azkeneko binakako txapelketaren irabazleari omenaldia eskainiko dio maiatzaren 29an. Goizeko 9:00etatik aurrera txistulariek kalejira eginen dute kalez kale. 10:30etan Meza Nagusia izanen da. 12:00etan erremontelari profesionalen arteko partida bikaina ikusteko modua izanen da Saldiasko pilotalekuan: Koteto Ezkurra eta Miguel Mari Urrutia, Patxi Zeberio eta Iñaki Lizasoren kontra. Gaurko egunean, Galarretan nahiz Euskal Jaien ere, horrelako partida gutxi ikusten dira!

14:00etan herri bazkaria izanen da honako menuarekin: piper beteak, salda, legatza, solomilloa, tarta eta izozkiak. Edaria, kafea eta kopa ere, 35 euroko prezioaren barnean sartuak daude. Txartelak maiatzaren 27ko gaua baino lehen eskuratu behar dira Leitzako Beatrizenea tabernan, Doneztebeko El Café ostatuan, Saldiasko Herriko Ostatuan edo Sunbillako Kontxa zerbitzugunean. Bazkalondoa ez ezik, egun guzia alaitzen Patxi akordeoilaria arituko da.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun