Jose Cruz Irigoien da maiatzaren 11tik aitzinera Doneztebeko alkate berria. Jakina denez, Doneztebeko udalean izaten ari den legealdi zail eta korapilotsuari segida emanez apirilaren 29an, Ramon Etxebeste alkatearen aurkako zentsura-mozioa aurkeztu zen, Doneztebeko udalaren historian izan den lehen zentsura-mozioa.
Maiatzaren 11n egindako ez ohiko batzarrean, aldeko sei botu izan zituen zentsura-mozio honek, Alfredo Zugarramurdi, Jesus Juanena, Serafina Grazenea, Teresa Gaspar, Vicente Maylin eta Jose Cruz Irigoienenak. Ramon Etxebeste, orain arte alkate izan denak, bere botua eta Belen Arregi eta Mari Jose Rekarte Eusko Alkartasunako taldekideenak bakarrik izan zituen. Etxebesteren ordezkoa alkatetzan Jose Cruz Irigoien izanen da. Irigoien Eusko Alkartasunaren zerrendan bigarrena izan zen azken hauteskundeetan, Etxebesteren ondotik. Baina berak eta Vicente Maylinek taldea utzi egin zuten, zenbait gorabeheren ondotik, independiente gisara lan egiteko. Ez da legealdi honetan izan den banaketa bakarra: PNVko zerrendan ageri ziren Serafina Grazeneak eta Teresa Gasparek ere taldea utzi zuten, Alfredo Zugarramurdi talde-buruarekin zuten konponezinak medio nonbait, hauek ere independiente gisara jarduteko. Orain, ordea, Zugarramurdi eta Juanenarekin eta EAtik ateratako bertze bi zinegotziekin bat egin dute zentsura-mozioa babesteko. Sei zinegotzi hauek independiente gisara jardun beharko dute, PNVko Napar Buru Batzarrak ez baitu Zugarramurdi eta Juanenaren jarrera onartu eta alderditik kanpo gelditu baitira.
Zentsura-mozioa jartzeko arrazoiak azaldu dituzte sei zinegotzi hauek ez-ohiko batzarrean. Beraien ustez, Doneztebeko Udala «egoera kaxkarrean dago, gobernu talde indartsu baten faltan». Horren eraginez, «zenbait espediente geldirik daude eta herritarrendako interesa duten proiektua gauzatzeko ekimen falta somatzen da». Udalaren ekimen politikoa babesteko gehiengorik ez dela ere azpimarratu dute mozioaren bultzatzaileek. Sei zinegotzi hauek aipatu dutenez, herritarrek Donezteberen alde lan egiteko ardura eman zietenez, gobernu-taldean aldaketa bultzatzea nahitaezkoa da, udal politika berrindartu eta herria hobetzeko.
Ramon Etxebeste alkate ohiak zentsura-mozioa jartzeko argudioak ez ditu onartu eta Doneztebe gobernatuko duen taldea, «bai EAtik eta bai PNVtik ateratako sei transfugekin osatuta» dagoela azpimarratu du.