Herri ttikienetan oraindik bizirik dago auzolanaren ohitura zaharra

Aitor AROTZENA 2007ko otsailaren 1a

Lana egiteaz gain, barrideekin elkarbizitza bizirik mantentzeko aukera eskaintzen du auzolanak. TTIPI TTAPA

Herritarren borondateak diru falta gainditzen du

Gaurko egunean, kobratu gabe inor guttik lan egiten duen garaiotan eta indibidualismoa kasik “bizimodu” bihurtu zaigunean, herri ttikienetan aspaldiko ohitura hau bizirik mantentzen da oraindik: auzolana. Herritarrek herriarendako norbere borondatez egindako lana da auzolana. Euskal Herrian ez ezik, Munduko bertze lekuetan ere ezaguna da: Galizan «andecha» deitzen diote, Irlandan «coor» eta Andeetan «pringa». Nafarroan, ordea, bere araudia ere bazuen auzolanak.

Auzolanaren ohitura gure inguruko herri ttikienetan mantentzen da. Baztanen, adibidez, gehienetan Balleko Udalak jartzen du materiala eta herriak, herritarrek, eskulana. Normalki etxe guzietara deia igortzen da eta etxe bakoitzak ordezkari bat igortzen du. Hori Malerreka eta Bertizaranako herrietan ere mantentzen da oraindik.

Toki aunitzetan, auzolana arautzen duen ordenantza ere onartu dute. Izan ere, etxe aunitzetatik auzolanera ordezkari bat edo bi bidaltzen badute, bertze batzuk ez dute inor igortzen. Honelakoetan, lanera ez joatearen truke 30 euro ordaindu ohi dira. Amaiurren, derrigorrezko auzolanaren eta borondatezkoa denaren artean bereizten dute, Juan mari Aleman alkateak aipatu digunez: «Derrigorrezko auzolana denean, etxeren batek inor igortzen ez badu edo ezin bada gan, 30 euro ordaindu behar du. Baina badira auzolanak beharrezkoak edo derrigorrezkoak ez direnak, ermita konpontzea adibidez, eta horietan ez da kobratzen deus. Horietara gogoa duenak joaten da. Beraz, derrigorrezkoak direnak eta norberak bere borondatez egiten dituen auzolanak bereizten ditugu. Adibidez, kanposaindua moldatzea edo ur-ekartzea derrigorrezkoak dira, herritar guziei eragiten dien neurrian. Baina kapritxoak direnak, ermita zaharra konpontzea, hori ez da beharrezkoa, orduan…». Auzolanean aritzen den jendea ez da eraikuntza edo zurgintza lanetan profesionala, baina herri hauetan gehienek ofizioren bat ezagutzen dutenez, hori ez da lanaren kalitatean somatzen. «Amaiurren eta, orokorrean, Baztango herri tail gehienetan, badira ofizioa duten hainbertze jende –dio Alemanek–. Orduan, bakoitzak berak dakien lan horietan aritzen da eta kalitatean ez da somatzen. Batzuetan, gogo eta borondate hobearekin egiten direnez, hobekiago gelditzen dira».

«Auzolanean ez da Istripu arrisku handiagorik»

Auzolanaren inguruan, berri goibela ere izan da aurten. Arizkunen, Herriko Etxeko teilatuan lanean ari zela, erori eta hil zen Ortzegun Saindu egunean Domingo Borda Duhalde. Amaiurko alkatearen ustez, istripuak izateko arriskua ez da handiagoa auzolanetan. «Arizkungo kasuan, preziski, ofizioa ongi ezagutzen zuen, baina deskuidoak eta istripuak leku guzietan gertatzen ahal dira. Norberaren neurriko lanak bilatzen saiatzen gara auzolanean eta bakoitzak ahal duena egiten du». Auzolanaren etorkizuna gero eta zailagoa da, Juan Mari Alemanen ustez. «Nahiz eta lana egin, auzolanean ongi pasatzen baldin bada, talde batek bederen beti segituko du. Herri ttiki gehienetan segituko du oraino. Zenbat eta handiagoa izan herria orduan eta zailagoa izanen da, inpertsonalizatuagoak daude, bakoitzak berea egiten du eta… 30 euro ordaindu eta auzolanera ez gateko aukera emanez gero, aunitzek ordaindu eta fuera!».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun