• Maiatzaren 22an eginen da Elizondon Nafarroako zortzigarren trikitixa eguna, Nafarroako Trikitixa Elkarteak antolatuta.
• Ekitaldi hau prestatzen buru belarri aritu dira, Josune eta Amaia Irastortza, Irats trikitixa eskolako irakasleak.
• Nafarroa osoko 300 bat trikitilari eta panderojole bilduko dira Elizondon.
• Ituren, Labaien, Bera, Sara eta Elizondon 80 ikasle ditu Irats trikitixa eskolak.
Aurten Iratsekoei egokitu zaizuela Trikitixa Eguna antolatzea…
Urtean behin egiten den ekitaldia da eta aurten Elizondon egitea suertatu da. Guk Elizondon klaseak ematen ditugunez, guri egokitu zaigu antolatze lana.
Zer egitarau izanen da Nafarroako Trikitixa Egun honetan?
11:30ak aldera Elizondon bilduko gara Nafarroako trikitixa eskola guztiak. Han taldeka banatu eta Baztango herri guztietara joanen gara. Kalejira eginen dugu, denentzat gosaria izanen da eta gosaldu ondotik, ordubiak aldera, Elizondoko plazan bilduko gara. Han Kataluniako talde batek joko ditu zenbait kanta eta hortik bazkaltzera joanen gara. Bazkal ondotik zozketa eginen da, gero oroigarriak banatuko dira eta dantzaldia eginen da plazan Trikizio taldearekin.
Zenbat trikitilari biltzea espero duzue igandean?
Joan den urtean 300 bildu ginen, trikitilariak, gurasoak eta bertze kontuan hartuta. Aurten, kopuru hori mantentzea espero dugu. Nafarroa guziko trikitixa eskolak bilduko dira, Hemendik hasita, Elizondo, Labaien, Ituren, Lesaka… gero, Sakana aldekoak, Iruña aldekoak, Bianatik ere bai…
Honelako egun bat antolatzeak lan handia emanen du. Zenbateko aurrekontua izaten duzue?
Edozein gauzak bere lana du eta egia errateko, dirua izaten da arazorik handiena. 6.000 euro inguruko aurrekontua du honelako egun bat antolatzeak. Baztango Udalean dirulaguntza eskatu genuen eta 1.000 euro eman dizkigu. Eguraldi txarra eginen balu frontoia ere utziko digu. Eszenatokia, argia eta hori dena berak moldatuko du. Bertze guzia inguruko komertzioetan eskatuta lortu behar izan dugu. Gero, zozketako txartelak ere saldu ditugu eta guzi horrekin aurrekontua beteko dugula uste dugu.
Duela urte batzuk trikitixa modan jarri zen… Moda hori pasatu da edo oraindik mantentzen da?
Gehiena emana duela iruditzen zaigu. Orain ikastera etortzen dena benetan gustatzen zaiolako etortzen da. Furia hura pasatu zen.
Zer du trikitixak haurrei horrenbertze gustatzeko?
Erraztasuna. Guk, gehien bat solfeorik gabe ematen dugu, eta horrela, aisago eta abudoago ikasten dute. Kantak lehenago ikasten dituzte eta horrek motibatzen die.
Gisa honetako egunak antolatzeak ere motibatuko ditu haurrak, kanpora ateratzeak, bertze herrietako trikitilariekin aritzeak…
Bai, dudarik gabe. Haur batentzako motibazio handiena ikasi duen hori kanpora ateratzea da. Aunitzek lotsa ematen diela erraten dute, baina joan ondotik, gehienek ongi pasatzen dute eta kontent egoten dira, ireki egiten dira, kanpoko jendea ikusi, bertze musika mota batzuk ezagutu… Ikasleendako ez ezik irakasleondako ere ona da.