Egitarau zabala ekarriko du igande honetan XIII. Gasna Feria Egunak

Joseba eta Nerea 2007ko otsailaren 1a

Aurtengoan ere lana gogotik egin beharko dute gasna lehiaketako epaimahaikideek, aurkeztutako gasnen artean onena zein den erabakitzeko. herriko gasna onenari ere saria emanen zaio. TTIPI TTAPA

Urteroko egitarau zabalarekin heldu zaigu aurten ere Gasna eta Artisau Feria Eguna. Altxata Kultur Elkarteak antolaturik, goiz-goizetik hasiko da mugimendua plaza bazterrean.

10:30etatik aitzinera artisau eta eskulangileen postuak izanen dira frontoian. Bueltaxka bat eman, eskulanak ikusi, eta erosteko aukera ere izanen da. Hauetaz gain, azkeneko urteetako martxa segituz, Altxatak berak taloen postua paratuko du. Eguerdiko 12:30etan herriko trikitilariek emanaldia eskainiko dute frontoian bertan. Perkusio doinuak eta gisa guzietako abestiak ekarriko dituzte bertze urte batez Etxalarko trikitilari eta panderojole gazteek. Eguerdiko 13:30etan, leku berean, gasna lehiaketako sari-banaketa eginen da. Goiz osoan epaimahaikideak lanean aritu ondotik, orduan emanen dute aurtengo gasna irabazlearen izena. Erran behar da lehiaketara gasnak aurkeztu nahi dituztenek goizeko 11ak arte izanen dutela aukera, plazan bertan izanen den postuan. Eguerdiko 14:30etan herri-bazkaria eginen da. 120 bat lagun espero dira aurten. 18:00etan izanen du segida egitarauak, herriko dantzarien saioarekin. Andra Mari Dantza Taldeko ttikienak plazan arituko dira urteroko dantza-ikuskizunarekin. Akabatzeko, emakumeen soziedadean eskulan-erakusketa ere egonen da ikusgai egun osoan, herriko emakumeen eskutik.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun