Dirudienez aurtengo Nafarroako Itzulia ohi baino zailago izanen da. Maiatzaren 29tik ekainaren 3ra jokatuko den karrera mendiak izanen ditu protagonista nagusiak. Erlojuaren aurkako proba kendu dute, baina horren ordez El Perdon-Erreniaga gaina berreskuratu.
2007ko ibilbidea guztiz bukatua ez bada ere, etapa gehienak zehaztu ditu antolatzaile den Nafarroako Txirrindularitzako Batasunak. Europako UCI Tour sartzen den probak, aitzineko urteko maila berdinarekin segituko du. Burlatatik hasiko da, eta momentuz lau etapen helmugaren berri eman dute, hain zuzen ere Tutera, San Adrian, Lesaka eta Iruñea. Falta dena Leitzan izan beharko luke, baina oraindik konfirmatzekoa dago. Bi etapa Nafarroako hegoaldean jokatuko dira, eta bertze biak iparraldean. Zailtasun nagusiei dagokionez, aipatu bezala, tropelak El Perdon gaina igo beharko du, baina horrez gain Nafarroako itzulian saihestu ezin diren, Ezkurra eta Huitziko gainak. Aitzineko urteetan bezala bakarrik 26 urte azpiko txirrindulariek parte hartzen ahalko dute, eta taldeen kopurua 17tan mugatuko dute.