Haur Kantari Jaialdia Elizondon hasiko da martxoaren 3an

ttipi-ttapa 2007ko otsailaren 1a

Apirilaren 1eko saioak bukaera emanen dio aurtengo edizioari

Nafarroako Euskal Kantuzaleen elkarteak Haur Kantari Jaialdia antolatu du aurtengoz ere. Betiko helburuari lotuz, abesteko dagoen ohitura aberatsa mantentzea, bultzatzea eta gozatzea, hainbat hitzordu finkatu ditu martxoan eta apirilean. Kontuan hartuz iazko edizioak izan zuen arrakasta, hautatu zuten formatuarekin segituz jaialdia izanen da, ez eta lehen bezala txapelketa. Antolatzaileek diotenez, haurrei zuzenduta izanik, jaialdia egokiagoa izaten da, kantua ez da lehiatzeko, baizik eta gozatzeko. 2006ko edizioan, txapelketak eragiten duen presioa kendu nahi izan zuten, eta ohartu zirenez, kantari gazteek hobekiago pasatzen zuten haien artean lehiarik izan gabe.

Jaialdia 4 kontzertuz eta bukaerako saio batez osatu dute. Lehen 4ak martxoan iraganen dira. Lehena, 3an, gure eskualdean izanen da, hain zuzen ere, Elizondoko Lur dantzalekuan arratsaldeko 18:00etan. Ondoko Larunbatean, 10ean, kantuzaleek hitzordua Lizarran izanen dute goizeko 11:30ean Golem zinemetan. Ohi bezala, Lekunberrin ere kontzertu bat eskainiko da 31 Aretoan. Hau, martxoaren 17an izanen da, larunbatarekin, arratsaldeko 18:00etan. 24ean ordutegi berean Antsoaingo antzokian eginen da laugarren saioa. Guzietan eskualdeko parte hartzaileak arituko dira, eta hauetan nabarmenduko diren taldeak apirilaren 1ean Iruñeako Gaiarre Antzokia ospatuko den bukaerako saiora gomitatuko dira.

Aurtengo jaialdian kantatu nahi dutenek izena eman beharko dute euskokultur@terra.es helbide elketronikora idatziz martxoaren lehena baino lehen. Ikastetxe bakoitzak bi talde, bikote bat eta bakarlari bat aurkeztu ditzake. Bana kantu eskainiko dituzte, izan zaharra, berria edo sormenezkoa.

Haur Kantari Jaialdia antolatzeko Euskal Kantuzaleen Elkarteak 12.000 euroko aurrekontua du Nafarroako Gobernuak, Nafarroako Kutxak eta Baztan, Lizarra, Lekunberri, Antsoain eta Iruñeko udalek emandako dirulaguntzarekin.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun