Oronoz Mugairi eta Aurizko su-hiltzaileen parketik zuzenduko den neguko suteen aurkako plana martxan jarri du Nafarroako Gobernuak. Apirilaren 15ean bukatuko den planean aitzineko lau urteetan bezala, ingurumen sailak lau lagun kontratatuko ditu baimenduta dauden larreen erretzeak kontrolatzeko eta arauak betetzen direla segurtatzeko. Ohi denez, laguntza gehiago izanen dute aipatutako bi parkeetan, aurten behin betiko taldeei bertze 24 lagun gehituko zaizkie. Materialari dagokionez, parke hauetan dutenaren aparte, bertze hiruna auto-bonba, eta hiruna 4X4 ibilgailu izanen dituzte. Itzaltze lanak kudeatzeko eta zaintza lana egiteko iaz bezala Nafarroako Gobernuko bi helikopteroen laguntza izan dute.
Aspaldidanik gure eskualdean larreen garbitzeko sua erabiltzen da, baina duela zenbat urte arte nahi bezala egiten zen. Horren inguruko arauak indarrean sartuz geroz, baimenak nahitaez eskatu behar dira. Horiek horrela, bazterren garbitzeko sua erabili nahi dutenek baimena eskatu beharko dute martxoaren 16a baino lehen idatzi bat zuzenduz Ingurumen Sailari. Bertan azaldu beharko dira, erre nahi den eremua, noiz egin nahi den, eta zergatik suaren sistema erabili nahi den. Egunean bertan erretzea baimendua dagoela segurtatu beharko da 948 29 79 00 telefono zenbakira deituz. Hala bada, hurbilen dagoen parkera abisatu beharko da. Larreen erretzeak apirilaren 16a arte egiten ahalko dira goizeko 9:00etatik arratsaldeko 17:00ak arte, eta sua itzalia ez dagoen bitartean bertan egon beharko dute guttienez 5 lagun. Sua egiten den bitartean arduradunak baimena berekin eraman beharko du ingurumen saileko agenteek, foru-zainek edo Guardi Zibilek eskatzen badiote.
Azken urte hauek suteak saihesteko neurriek emaitza aldakorrak izan dituzte, batez ere, eguraldia zer erran handia duelako horrelako kontuetan. 2000. urtean 280 sute zenbatu ziren, 2001ean 40, 2002an 400, 2003an 150, 2004an 70, 2005ean 410 eta iaz 260.