Cederna-Garalurek hainbat ekitaldirekin ospatuko du 15. urteurrena

ttipi-ttapa 2007ko urtarrilaren 31

Ospakizun Instituzionala martxoaren 13an izanen da

Cederna Garalur, Nafarroako Mendialdearen garapen endogenoa eta jasangarria garatzeko irabazi asmorik gabeko elkarteak 15 urte betetzen ditu aurten. Ospakizunak, joan den ortziralean, urtarrilaren 26ean egindako eginbeharrak eta anaitasuna lantzeko egun batekin hasi zituzten. Bertan Elkarteko talde tekniko ia-ia osoa bildu zen, eskualdeko arduradunak, proiektuen teknikariak, administratzaileak eta zuzendaritza batzordeko hainbat lagun, tartean, Javier Esparza presidentea, Javier Borda presidente ordea, Antonio Martinez de Bujanda diruzaina, Jose Antonio Lizarraga idazkaria, Jose Luiz Lorenzo Zangozako alkatea, Juan Fermin Mitxelena Lesakako alkatea, Mikel Rekalde Beteluko alkatea, Lui Garate, Erronkariko zinegotzia eta Iñaki Olaiz nekazal munduko hotelen elkartekoa.

Bilera egun hori baliatu zuten urtean zehar iraganen diren ekitaldiak aurkezteko. Otsailaren 22 eta 23an antolatu dute Nafarroako Landa Garapenerako II. kongresua Agoitzen, eremu hauetan kokatuak diren enpresen antolakuntza hobetzeko asmoz. Urtebetetzeko ospakizuna berriz martxoaren 13rako aurreikusi dute baina momentuz zehaztasun gehiagorik ez dute eman. Ohiko eta ez-ohiko batzar orokorra apirilean eta irailean eginen dituzte hurrenez hurren. Eskoletan Europari buruzko txapelketak ere antolatuko dituzte. Hauen sari banaketak Maiatzaren 9an eginen dira, Europaren egunean. Udazken aldera berriz, azaroan hain zuzen ere, Leader + programari bukaera emanen zaio. Bukatzeko abenduan, 2007ko Ondare Ttikiko txapelketaren sari banaketa eginen da.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun