Doneztebe, Donamaria, Elizondo eta Leitzako 6 gaztek osatutako EKO4 taldeak “La Columna Vertebral” izeneko diskoa kaleratu berri du. 12 kantuz osatutako lana beraiek ekoitzi eta editatu dute, baina banaketa Gor diskoetxearen esku utziz.
Taldea 2000. urtean sortu zen 3 kideekin Donezteben. Geroztik aldatuz joan da, hasierako izena Tomahawk bazen, kide berri batzuk taldean sartu ahala, izena ere aldatu zuten EKO4 bihurtzeko. Haien estiloa metala dela erran daiteke, baina taldeko kideek ez dute estereotipo bakar batean sartu nahi, eta nahiz eta aitortu musika gogorra transmititu nahi dutela, haien ustez norberak ikusi behar du zer-nolako musika jasotzen duen, musika intentsua, melodikoa, soinu hutsa, musika goxoa eta bertzeak bertze.
Talde kideek bat egiten dute erraterakoan, musika egiten dutela barneko sentimenduak askatzeko eta jendaurrean aritzean une batez libre sentitzeko.
Hasierako salmentekin kontent dira. Diotenez banatzaile bat izatea hagitz inporta da, hala ere argi dute CDak gero eta guttiago saltzen direla. Materiala eskuan dutela hunen ezagutarazteko kontzertuak eskaintzeari ekinen diote. Eskualdeko areto, ostatu edo bestetan maiz ibili dira, baina orain saltoa eman nahi dute Euskal Herriko hainbat zokoetara ailegatzeko, eta ahal bada atzerrian aritzeko. Erran digutenez, Katalunian eta Alemanian aritzeko proiektuak badituzte, han artean, heldu den martxoaren 3an Tolosako Bonberenean arituko dira.