Malerrekako Eskuz Binakako Txapelketako hainbat kanporaketa jokatu ziren joan den larunbatean Doneztebeko pilotalekuan. Kadete eta gazteen mailan finalerdiak jokatu ziren, haurren mailan berriz final-laurdenak eta benjaminetan final zortzirenak. Aipatu bezala haurren mailan final laurdenak jokatu ziren, baina gure eskualdeko ordezkaririk ez zegoen denak final zortzietan kanporatuak izan baitziren. Lehen lehian Burlatako Iribarren eta Mayans 18 eta 9 irabazi zieten Etxarriko Ijurra eta Lasari. Ondoko kanporaketan Oiartzungo Leibar eta Imaz ez zieten aukerarik utzi Hernaniko Urkizu eta Murgiondori. Gutti iraun zuen partidan 18 eta 4 nagusitu ziren. Hirugarren final laurdena gisa berekoa izan zen. Añorgako Gaztañaga eta Lizaso erraz nagusitu ziren Oiartzungo Sarasti eta Beolaren aurka, 18 eta 6. Finalerdietarako azken txartela lortzeko Aldabideko Tollar I. eta Gabilondo, Oberenako Senosiain eta Larrayarekin neurtu ziren, eta azken hauek 18 eta 8 nagusitu ziren. Finalerdiak heldu den igandean, otsailak 4 jokatuko dira Donezteben.
Benjaminen mailan txapelketa ez da hain aitzineratua, eta asteburu huntan final zortzirenak baizik ez zituzten jokatu. Zugarraldeko Ezkiroz eta Agirre II.ak 18 eta 4 aise nagusitu ziren Goienetxe eta Mugiroren aurka. Oiartzungo Salaberria eta Olarte gauza bera egin zuten Beti Ona taldeko Alkain eta Aiesaren aurka 18 eta 7. Ondoko partidan Tolosako Iturbe eta Peña 18 eta 10 irabazi zieten Esteribar ibarreko Santesteban eta Ollori. Zugarraldeko Santesteban eta Saldiesek 18 eta 13 kanporatu zituzten Oiartzungo Cazaubon eta Mugika. Aldabideko Mendiola eta Kurutxarrik gauza bera egin zuten Hoberenako Okiseña eta Marrizkurrenarekin. Maila horretarako eguneko azken partidan Fernandez eta Larreak 18 eta 16 nagusitu ziren Jauregi eta Manzisidorren aitzinean. Gainerako bertze bi partiduak ez ziren jokatu Etxarriko taldeak ez zirelako aurkeztu. Horiek horrela izerdirik bota gabe Umore Onako Apezetxea eta Salaberriak, eta Beti Onako Arregi eta Villanuevak final laurdenetako txartela lortu zuten.
Kadetetan finalerdiak jokatu ziren. Lehenean Barañaingo Irazaizoz eta Tainta, Añorgako Jauregi eta Maiza I.rekin neurtu ziren, eta 18 eta 13 lortutako garaipenari esker finala jokatzeko txartela eskuratu zuten. Bertze finalerdian Errekako Aiestaran eta Iraola Oberenako Sanz eta Arraizaren aurka aritu ziren, baina Malerrekarrek erraz nagusitu ziren 18 eta 2. Hortaz martxoaren 10ean finala jokatuko dute Iraizoz eta Taintaren aurka.
Gazteen mailan ere finalerdiak zituzten baina bat baizik ez zuten jokatu ahal izan. Garai hauetan hainbat txapelketa egiten direla eta, Mitxelena Barberena eta Ollo Madariagren arteko partida atzeratu behar izan zuten. Bertzea aldiz jokatu zen baina denbora anitz ez zuen iraun. Txarutako Juanenea eta Madariaga 18 eta 2 irabazi zieten Oberenako Etxaide eta Acedori. Emaitza hori jakin da, eta bertze finalerdiko emaitza edozein izan eta ere, maila horretan martxoaren 10ean jokatuko den finalean eskualdeko lau pilotari arituko dira.