Binakako Faustino txapelketa irabazi dute Koteto Ezkurrak eta Julen San Miguelek

Aitor AROTZENA 2007ko urtarrilaren 26a

TTIPI TTAPA

Doneztebekoek 40-24 irabazi zieten finalean Altuna I eta Urrutia saldiastarrari

Donezteben erremontea modu berezian bizi dela jakina da. Ez dago Euskal Herrian bertze herririk hainbertzeko afizioa duenik. Gaur egun zazpi erremontista profesional daude, bertako erremonte eskolan hasitakoa da Migel Mari Urrutia saldiastarra ere eta aunitz dira txapelen bat jantzitakoak. Koteto Ezkurra, pilota profesionaleko azken mitoetako bat Doneztebekoa da, eta bertakoa da Julen San Miguel ere, koadroko izar gaztea. Batera jokatu dute aurten Binakako Txapelketa, eta elkarrekin lortu zuten urtarrilaren 13an Faustino txapelketa honetako txapel handia. Finalean, 40-24 irabazi zieten Altuna I eta Migel Mari Urrutia saldiastarrari. Txapeldunen herritarrek ere beraientzat erremontea berezia dela erakutsi zuten harmailetan. Gazteak autobusez joan ziren, eta heldu aunitz kotxez. Doneztebekoak jaun eta jabe izan ziren harmailetan, baita kantxa gainean ere.

Koteto Ezkurra beteranoa, Julen San Miguel hasi berria; 30 urteak gaindituak ditu Kotetok, 19 urte bertzerik ez Julenek; Ezkurra ttikia, San Miguel luzea, Koteto lasaia, San Miguel urduria… Itxura batean bikoa egiteko ez dute antzekotasun handirik, baina bikote bikaina osatu dute txapelketan. Batentzat lehenbiziko txapel handia da, bertzearentzat hamabigarrena, baina biak kontent daude

Txapelketa hasieran zalantzak zeuden bikote honek eman zezakeenaz. Halere, partidak aitzinera joan ahala, zalantzak uxatu eta bikote sendoena zela erakutsi zuten.

Koteto Ezkurraren ustez, «txapelketa hasten denean beti ikusten dituzu bikote batzuk konpentsatuagoak daudela eta horiek izaten dira normalean indartsuenak. Bikote ona osatzen genuen, baina ni ez nintzen arras ongi eta bagenekien nire jokoaren arabera ibiliko zela bikotea. Azkenean goiti joan nintzen, Julen ere arras ongi aritu da eta txapelketaren erdialdera ikusten nuen bikote ederra egiten genuela».

San Miguelen ustez ere bikote ona egiten zuten«baina baziren hagitz onak ziren bertze bikote batzuk ere».
Gaztearentzat parte hartzen zuen lehenbiziko txapelketa zen, baina aitzinean Koteto bezalako beterano bat izatea mesede izan da: «Kotetorekin jokatzea beti abantaila da, eta nik nahiko lasai jokatu dut txapelketa guzia».
Koteto Ezkurrak, txapelketa irabazita berriz ere onenen artean ikusten du bere burua, bere ustez bolada txar xamarra pasatzen ari baitzen: «Neretako urte nahiko zaila izan da; uda aldean lesio ttiki bat izan nuen eta ezin izan nuen banakako txapelketa jokatu, gero sasoia ezin hartuz ibili nintzen… hilabete eta erdiz joku aldetik ere gaizki ibili nintzen eta azkenean zure buruari ematen diozu: ez zaudela ongi, zer pasatzen ari den. Baina azkenean, lan eginez forma bueltatzen da. Lesioak ahantzi eta morala hartuta, berriz ere joku maila ona hartu dudala uste dut. Eguberrietan Martiko txapelketan ere ikusi zen betikoa nintzela. Frontoian azkar ibiltzen nintzen, beldurrik gabe, pilota erraz mugitzen nuen, animo hori hartu nuen, finalerdietan partidu onak jokatu nituen eta finalerako betiko moralarekin eta gogoekin nengoen». Txapelketa horren finala Zeberio II.ari irabazi zion abenduaren 30ean Labriten.
Julen San Miguelek duela bi urte eskas debutatu zuen, 17 urterekin. 19 urterekin dagoeneko handienekin batera jokatzen du eta txapel baten jabe da. Bilakaera hori hain abudo etortzea espero ote zuen galdegin diogu: «19 urterekin oraindik gaztea naiz eta ez nuen uste txapelketa honetan sartuko nintzenik. Baina aukera hori eman zidan enpresak, Kotetorekin jokatzea abantaila handia da eta txapelketa polita eginda, txapela irabazi dugu».
Julen ere Doneztebeko erremone eskolatik ateratakoa da. Orain, ikasle izatetik irakasle izatera ere pasatzekoa asmoa du. Enpresak, erremonte eskolak sortu nahi ditu Beran eta Elizondon. Gaztetxoek izena ematen badute, Julen izanen dute irakasle.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun