Bortzirietako eskuz banakako txapelketaren finalak jokatu ziren

Aitor AROTZENA 2007ko urtarrilaren 26a

TTIPI TTAPA

Lesakan urtarrilaren 20an akautu zen seigarren edizioa

Urtarrilaren 20an jokatu ziren Lesakako frontoian Bortzirietako eskuz Banakako seigarren pilota Txapelketaren Finalak.

Aurrebenjaminak B mailan, Arkupe elkarteko bi lesakar izan ziren lehian eta Julen Otxotekok 18 eta 10 irabazi zion Aimar Otxotekori.

Ondorengo partiduan aurrebenjamin mailan Igantziko Biltoki bi pilotari aritu ziren. Enaitz Telletxeak 18 eta 11 irabazi zion Jokin Mitxeori. Bi partiduak azkar jokatutakoak izan ziren eta aski politak. 6-7 urte bertzerik ez izanagatik, pilotari dotoreak direla erakutsi zuten.

Benjamin B mailan, Igantziko Biltokiko Oihan Canabalek 18 eta 12 irabazi zion Etxalarko Altxata elkarteko Xabier Sanzberrori.
Benjamin mailan, Berako Gure Txokoako Andoni Lazkanotegik 18 eta 3 irabazi zion Lesakako Arkupeko Jon Ubiriari.
Alebin B mailan, Gure Txokoako bi pilotarien arteko finala jokatu zen. Iñigo Martinezek 18 eta 2 irabazi zion Jokin Pinatxori.
Aipatu Alebin mailan Lesakako Unai Zamorano eta Berako Beñat Mitxelenaren artean, partida gogorra eta kalitatezkoa ikusi zela. Bata nahiz bertzea aski pilota zailetara ailegatu ziren. Azkenean Zamoranok 18 eta 11 irabazi zion Mitxelenari.

Infantilak B mailan Etxalarko Altxatako Beñat Maiak ez zuen partida hasiera ona egin, baina azkenean buelta eman eta azkenean 18 eta 15 irabazi zion Igantziko Biltokiko Adur Yanciri. Baina horretarako lana gogotik egin behar izan zuen tanto gogor eta landutakoekin.
Infantil mailan bi lesakar, Josu Sanjurjo eta Mikel Maia, nor baino nor gehiago aritu ziren. Partida polita, gogorra eta emozioz betetakoa izan zen azkenera arte, beti berdintsu joan baitziren markagailuan. Azkenean Sanjurjok 18 eta 16 irabazi zion Maiari.
Hurrengo partida, Kadete B mailako finala, ez zen jokatu, Txarutako Imanol Juanena ez baitzen azaldu, gaixorik zegoelakoz. Horrela, Gure Txokoako Etxahun Aurkenerenak eraman zituen txapela eta txapeldunen kopa, nahiz eta bera, jokatu gabe txapeldun izateagatik pozik ez sentitu. Beharbada hori izan zen finaletako momenturik ilunena.
Kadete mailan, Txarutako Oier Bereauk 18 eta 9 irabazi zion Arantzako Ekaitzako Unai Iparragirreri.
Ondoren finalistei trofeo eta txapelak banatu zitzaizkien eta oroigarri bana ere eman zitzaien txapelketan parte hartu duten pilotari guziei. Bortz herritako pilotarien arteko harreman sendoak ikusteko ere baliagarriak izan ziren l finalak. Horixe da Bortziriak Pilota Elkarteak bultzatu nahi duen helburuetako bat, harreman onak izan dezatela bertze herrietako pilotariekin eta astero antolatzen diren entrenamenduetan ere, herri ezberdinetako pilotariek elkarrekin jokatzen dute eta hori pilotariarentzat ona da.
Bortzirietako bi txapelketak bukatu diren arren, binakakoa eta banakakoa, hemendik aitzinera Bortzirietako pilotariak parte hartuko dute hainbat txapelketetan. Adibidez, orain hasiko den Belateko Kluben arteko Txapelketa, Zizurko Banakako Txapelketa, Eukal-Herriko Txapelketa, Herri arteko Txapelketa, Ezkurra Memoriala eta bertze.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun