Ituren, Aurtitz eta Zubietan ere hasi dituzte inauteriak

ttipi-ttapa 2007ko urtarrilaren 26a

Astelehenean Zubietarrak Aurtitzera eta Iturenera bisita eginen dute eta biharamunean kontrakoa izanen da

Sunbillan bezala Ituren, Aurtitz eta Zubietan inauteriak hasi dituzte. Herri hauetan egun nagusiak astelehena eta asteartea izaten dira, horietan biltzen baita jendetza handiena. Hala ere aitzineko egunetan giroa berotzen joanen dira han-hemenka eta herriko elkarteetan afariak eta dantzaldiak eginez.

Ortzegunean lehen eguna izan zuten, joaldunek lehen puxka biltzea egin zuten, eta ondotik elkarrekin afaldu. Ortziralea libre izan eta gero, Larunbatean ere elkarrekin afalduko dute, eta ondotik dantzaldia izanen dute. Igandearekin hasiko dira lan handienak joaldunentzat, bakoitzak bere herrian karrikaz karrika ibiliko dira bazterren ernatzeko. Astelehenean, ohiturari eutsiz, Zubietako Joaldunek mozorro eta karrozei bidea irekiz, Aurtiztarrei bisita eginen diete. Herrian barna ibili eta, eta salda beroa hartu ondotik Iturenera jaitsiko dira. Lasagako Zarandiaren parean elkartu ondotik hiru herrietako joaldunek Iturengo karriketan barna ibiliko dira, beti ere, natura ernatzeko eta uzta oparoak eskatzeko ohiturari eutsiz. Eguerdi hurbil izanen dutenean, joaldunek etenaldi bat hartuko dute herriko elkartean indarrak berreskuratzeko. Une hori aprobetxatuko dute mozorro eta karrozek ikuskizuna eskaintzeko plazan. Bazkaltzeko, 15:30ak aldean, joaldunak haien herrietara itzuliko dira biharamuneko prest egoteko.Biharamunean, asteartean, Ituren, Aurtitz eta Lasagako joaldunak dira Iturenera goitituko direnak hango bazterrak iratzartzeko. Bezperan bezala joaldunak karrikaz karrika ibili ondotik mozorro eta karrozak plaza animatuko dute. Bi egun hauek pizten duten ikusmina kontuan hartuz pentsa daiteke aurten ere Zubieta eta Iturengo plazak gazte eta ez hain gaztez beteko direla. Bi egun zailenak pasatuak, asteazkenean ere ospatuko dituzte inauteriak, baina igandean bezala, haien herrian egonen dira bazkari eta afari eder batzuen inguruan bildurik.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun