Bihar hasiko da VIII. paxaka txapelketa

ttipi-ttapa 2007ko urtarrilaren 26a

Ligaxkaren ondotik final-erdiak jokatuko dira eta finala martxoaren 3an izanen da

Laxoa elkarteak antolatzen duen VIII. Paxaka Txapelketa hastear dago. Larunbat honetan arratsaldeko 16:00etatik aitzinera lehen jardunaldia jokatuko da Iruritako Aranabia pilotalekuan.

Aurtengo txapelketan 8 taldek hartuko dute parte, horietariko 5 Iruritakoak izanen direlarik. Irurita A taldean Joseba Urtasun, Mitxel Etxenike eta Mikel Ballarena arituko dira, B taldean berriz, Oskar Urrutia, Igor Urrutia eta Andres Elizainzin, C taldean, Iñaki Etxandi, Mikel Bidegain eta Martin Alfaro, D taldean Cezar Sarratea, Iñaki Zabaleta eta Xabier Ripa, eta azkenik E taldean Cesar Iñarrea eta Jesus eta Gillermo Etxenike. Gainerako hiru taldeak Doneztebe, Oitz eta Ipar Izar izanen dira. Azken huntan Cristian Mendiburu, Hari Idoate eta Iñaki Mendiola arituko dira, Donezteko taldean berriz Jesus Mari Mitxeltorena, Josu Juanena eta Eduardo Oiarzabal, azkenik, Oizko taldean, Iker Bereau, Ugutz Zelaieta eta Jose Aguxtin Mindegia.

Txapelketako lehen fasea ligaxka modua jokatuko dute bi multzotan banaturik. Horiek horrela, A multzoan elkarren aurka arituko dira, Oizko taldea eta Iruritako A, B eta E taldeak. Bertze lauek B multzoa osatuko dute, hain zuzen ere, Ipar Izar, Doneztebe eta Iruritako C eta D taldeek. Ligaxka asteburu huntan hasi eta otsailaren 10ean bukatuko da. Orduan sailkapenaren arabera multzo bakoitzeko lehen biek lortuko dute final-erdietarako txartela. Multzoetako lehenek bertze multzoko bigarrenen aurka arituko dira. Finala eta hirugarren posturako finala martxoaren 3an jokatuko dira Iruritako Aranabian.

Larunbateko jardunaldiari dagokionez hauexek dira jokatuko diren norgehiagokak. Arratsaldeko 16:00etan Irurita D Irurita Cren aurka arituko da. Ordu bat beranduago berriz, Ipar Izar eta Donezteberen arteko partida jokatuko da. 18:00etan Irurita A eta Bren txanda izanen da, eta arratsaldea bukatzeko Oitz eta Irurita C neurtuko dira 19:00etatik aitzinera.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun