Berandu bada ere, azkenean sumatu dugu neguan gaudela. Joan den astean ikusi genituen lehenbiziko elurrak eta kazkabarrak, eta hotza nagusi da egunotan. Eguraldi aldaketa honek sortzen dituen arazoei aurre egiteko, 6.000 kilo gatz ekarri ditu Udalak baserritarrei banatzeko. Etxera ailegatzeko arazoak dituztenek Usoa kooperatiban hartu ahal izanen dituzte gatz paketeak. 25 kiloko paketeak dira eta doan banatuko dira. Inoiz ez da horrelakorik egin Etxalarren eta emaitza ona ematen ari dela erran digute udaletik.