Kultur ondarea berreskuratu eta zaintzeagatik sariak eman ditu Cedernak

ttipi-ttapa 2007ko urtarrilaren 26a

Baztan, Sunbilla eta Berako udalek sariak eta aipamenak jaso dituzte

Cederna-Garalur Elkarteak, Leader+ programaren barnean, hirugarren urtez antolatu du Nafarroako Mendialdeko Kultur Ondarea Zaintzeko eta Berreskuratzeko lehiaketa. Helburua Nafarroako Mendialdeko hainbat udalerritan beren ondare kulturala eta arkitektonikoa berreskuratze aldera egin duten lana balorizatzea eta saritzea da. Sariak urtarrilaren 17an banatu ziren Petilla de Aragonen, Ramon y Cajalen sortetxean. Hainbat udalerritako 12 proiektu saritu dira. 4.000na euroko zazpi sari eta 2.000na euroko bortz Aipamen berezi banatu dira. Saritu guztiek Fernando Martin forjariak egindako eskultura jaso dute. Eskualdeko udalen zenbait ekimen saritu dira aurtengoan. Honela, Baztango Udalari Amaiurko errota birgaitzeko jarduera proiektuarengatik eman diote saria. Epaimahaiaren ustez, azpimarratzekoa da, bertzeak bertze, Udalak zerbitzuaren kalitatea bermatzen duen, eta errota baliabide berezitu gisa bultzatzen duen kudeaketa eredua bilatu izana. Turistendako eta bisitariendako erreferentea izateaz gain, halako eraikin baten balio etnografikoari eusten zaio.

Aipamen bereziak

Epaimahaiak aipamen berezia egin dio Sunbillako Udalari, “Auzolana: herriko aizkolari Ramon Latasari eskultura egiteko lan egiteko modua” izeneko proiektuagatik. Aipamen bereziak aintzat hartzen du Sunbillako herriak herri arkitektura balorizatzeko egindako lana, hartarako Sunbillako aizkolari ezagun horren eskultura baliatuz. Eskultura herriko plazan izanen da ikusgai.

Berako Udalak ere hartu du aipamen berezia, “Berakarri: Bera, muga, lurra, ura, erakargarria. Eraikinen seinaleztapena” izeneko proiektuarengatik. Pio Baroja hil zela 50 urte igaro direla eta, Berako Udalak ondarea berreskuratzeko hainbat jarduera garatu ditu; horien artean aipatu seinaleztapena. Epai-mahaiaren aipamen bereziak aintzat hartzen du Berako herriak kultur eta ondare baliabide guztiak balorizatzeko egindako ahalegina.

Epaimahaiaren bertze aipamen berezia “Berroko zubia: Done Jakueren bideko Baztango bidea berreskuratzeko bertze urrats berri bat” izeneko proiektuari eman zitzaion. Urdazubiko Done Jakueren bidearen Lagunak Elkarteak hainbat urte daramatza Turonensis Bideko erromes anitzek mendeetan erabili zuten ibilbidea berreskuratzen. Proiektu honen barnean dago Arizkungo Berroko zubiaren zaharberritzea; Baztango Udalak 2005ean finantzatua, eta esku langile batek egina. Langile honek zubiaren muina errespetatu eta hondatuen zeuden elementuak soilik berritu ditu.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun