Papera eta kartoia, enbaseak, beirak, etxeko hondakin bereziak, neurri handiko trasteak eta siloetako plastikoak. Urtetik urtera gero eta gehiago birziklatzen da, baina oraindik ere aunitz dago egiteko. Gaur egun, pertsona bakoitzak duela 40 urte baino bi aldiz zabor gehiago ekoizten du, gutti goitibeheiti kilo bat egunean. Hartara, birziklatzea zeinen garrantzitsua den jabetzeko, Ikasi birziklatzen, zure esku dago kanpainarekin jarraitzen dute Baztan, Bortziriak eta Malerrekan. 2007ko egutegi bat ere banatu dute eskualdeko etxeetan, birziklapenaren inguruko hainbat aholkurekin, zer eta nola birziklatu, eta non eta noiz egin behar den azalduz. Hilabete bakoitzean, eskualdeko hainbat argazki eta esaera zahar bana ageri dira. Egutegi bakoitzak zenbaki bat darama, eta zenbaki hori ekainaren 30ean eginen den zozketan parte hartzeko da. Sarituarentzat, irailean bi lagunentzako Kanariar Uharteetan aste bateko egonaldia.
Birziklatze maila gorantz doan arren, horrek kontsumoa hazten ari dela adierazten du. Eskualdeko hondakinen bilketaz Emauseko Traperoak arduratzen dira 2004az geroztik, eta 2006an zerbitzuaren igoera nabaritu dute. «Bilketa lanak goiti egin du, batez ere traste handiak biltzeko zerbitzuak, eta atez-ateko kartoi bilketak denda eta saltokietan», dio Federico Laurnagak, herriz-herri hondakinak jasotzen ibiltzen den Emauseko langileak. Mahaiak, armairuak, telebistak, sofak, hozkailuak… Handiagoak edo ttikiagoak, «astean 2.000 kilo inguru eramaten genituen traste handiekin».
Bortzirietako eta Malerrekako mankomunitateak eta Baztango Udala ere pozik daude bilketak goiti egin duelako, baina «oraindik Europan biltzen duten kopuruetatik urruti gaude», adierazi du Ramoni Olaziregi Bortzirietako Hiri Hondakinen Mankomunitateko arduradunak. Bide beretik jo du Isidro Herguedas Emausekoak ere: «Oraindik jendearen kontzientziazio falta sumatzen da. Eta behar ez den edukiontzietara botatako hondakinak ere ikusten dira». Kolore horia duten edukiontzien kasuan, adibidez, jendeak plastikozkoa den guztia bertara bota behar dela uste omen du, eta ez da horrela. Hala ere, Nafarroako bertze zenbait mankomunitateekin alderatuz, Baztan, Bortziriak eta Malerrekako edukiontziak «nahiko garbiak» direla aipatu du Laurnagak.
hondakinak bereizi
Gaur-gaurkoz, birziklatu ezin den gauza andana dago, eta zabor aunitz sortzen da. Herguedasen hitzetan, «gehiegi kontsumitzen da». Emausekoek ere hondakinen bilketa zabala egiten dute, baina badira jasotzen ez dituzten gaiak ere. Hala nola, nekazaritza eta abeltzaintza ustiapenetan sortutako hondakinak, obretan sortzen den zaborra, lantegietan, tailerretan eta biltegietan sortutakoak eta pneumatikoak. Halere, birziklatu daitezkeenak dagokion lekura eramatea garrantzitsua da, hondakinen kudeaketa egokia egiteko.
Pilak, beirak, enbaseak eta paperak zein kartoiak edukiontzi berezietan sartu behar dira, gaika berezi eta edukiontziaren kolorearen arabera, berdea, horia edo urdinetan. Hondakin berezien kasuan, berriz, herriz-herri ibiltzen da horretarako bereziki egokitutako kamioia. Siloetako plastikoa biltzeko, eta saltoki eta denden kasuan atez-ateko kartoi bilketa egiteko, udal edo mankomunitateetara deitu behar da. Eta traste handiekin Emausekoek Donezteben duten bulegora deitzea aski da, 948 451979ra, eta etxera joanen dira bila, dohainik.