«Musika gogorra trasmititu nahi dugu, baina bakoitzak ezberdin jasoko du»

Joseba URKIOLA 2007ko urtarrilaren 26a

• Doneztebe, Donamaria, Elizondo eta Leitzako sei kidek osatzen dute Eko4 taldea, eta euren musika metala bezala definitzen dute.
• 12 kantuz osatutako “La columna vertebral” izeneko diska atera berri dute. Beraiek ekoitzi eta editatu dute lana. Gor disketxea arduratuko da banaketaz.
• Euskal Herriko hainbat txokotan ez ezik, kanpoan jotzeko aukera ere izanen dute. Katalunian eta Alemanian, esaterako.

Noiz jaio zen eko4 taldea?

Eko4 taldea, Doneztebeko hirukote baten nahiak beteaz 2000.urtean jaio zen. Gainera hasiera hartan, hirukoteak bestelako izen bat ezarri zion taldeari, Tomahawk. Denborarekin taldea aldatuz joan da eta izena aldatzeaz gainera, taldeekideen kopurua ere aldatu da. Gaur egun, 6 pertsonek osatzen baitugu Eko 4 taldea.

Eko4 taldearen musika entzutean, zer nolako musika entzun daiteke?

Guk egiaz musika gogorra transmititu nahi dugu, baina norbanakoak gure musika entzutean zer jasotzen duen hori beste gauza bat da. Jende askok guk egiten duguna, musika gogor eta intentsotzat hartuko du, beste batzuei, berriz, punttu melodiko batekin eginikoa dela irudituko zaie. Egonen dira beste batzuk ere, gure musika soinu hutsa dela esaten dutenak edota musika suabea dela iruditzen zaienak. Horixe da artea den kontzeptu zabal horretatik gehien gustatzen zaiguna, bakoitzak bere interpretazioa ematen diola eta denek balio dutela.

Zein dira zeuek eraikitzen duzuen musikaren oinarri eta helburuak?

Gure benetako helburua, dudarik gabe, barneko sentimenduak askatzea da. Musika konposatu eta jendearen aurrean aurkeztea oso berezia baita eta une batez behintzat, libre sentiarazten zaitu. Oinarrian, metala da eta benetako berezitasuna zein den jakin ez arren, argi daukagu musika bere osotasunean berezia, desberdina eta konplejurik gabe egindakoa dela.

“La Columna Vertebral” izeneko diska atera berri duzue. Zer moduz doaz diskaren hastapenak?

Hasteko esan beharra dago oso pozik gaudela, Gor disketxea ari baita diskaren banaketa egiten eta hori nahiz eta jendeak ez ikusi, oso garrantzitsua da. Oso ederra da diska konposatu eta ateratzea, baina hori guztia egin eta inork ez badizu banatzen, nola lortu daiteke geuk egindako lan hori Euskal Herriko txoko guztietan egoteko aukera lortzea? Hastapenak ongi doazkigula esan genezake, baina jendeak gero eta musika gutxiago erosten du eta hori antzematen da.

Eta emanaldi aldetik, zermoduz zabiltzate?
Orainarte Doneztebeko Ekaitzan, Iurren, Leitzako Torrean, Soraluzen, Lekunberriko 31 aretoan… bezalako lekuetan jotzeko aukera eduki dugu. Orain heldu diren egun eta asteetarako data gehiago lotzen ari gara. Aipatu, Katalunian eta Alemanian jotzeko proiektuak ere baditugula.

Zeintzu izango dira heldu diren aste eta hilabeteetarako, zehaztuta dauzkazuten emanaldiak?
Martxoak 3an Tolosako Bonberenean joko dugu. Beste leku batzuetan berriz, jotzeko aukera eduki ahal izateko txanda itxaroten ari gara.

Nola margotzen du eko4 taldeak etorkizun hurbil bateko koadroa?
Ba eskenatokian dena ematen eta kontzertuak egin eta eginez. Denborak margotuko du gure kuadroa, eta guk, atzera begiratuz, hurrengorako koadro hobeago bat margotzen ikasiko dugu.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun