Inauteriak dagoeneko gainean ditugu, urtero bezala Sunbillakoek irekiko dute denboraldia. Ortziralean hasiko dira, eta igande arte iraungo dute. Berreskuratu zirenetik 25 urte betetzen dituztela, aurten ere egitarau aberatsa prestatu dute herritarrek, beti ere ekitaldi jendetsuena igande goizeko karrozen desfilea izanen delarik.
Ortzirale goizean herriko gazteak Itturburu ostatuan elkartuko dira gosaltzeko. Ondotik ohiturari eutsiz, bi taldetan banaturik baserrietara joanen dira eskean ibiltzeko. Giroa alaitzeko haiekin izanen dituzte Modesto eta Jose Angel esku-soinulariak. Eguerdian talde batek Ixtola baserrian bazkalduko duelarik bertzea herrira itzuliko da eta Ulibeltza elkartean bazkalduko. Arratsaldean inauteriak hasiko dira herriko haurrentzat, 16:00etan Txokolada izanen baitute Ulibeltza elkartearen egoitzan. Hor ere ez da musikarik faltako. Bazterren animatzea Agerralde esku-soinularien esku izanen da.Goiz eta arratsalde guzian eskean ibili ondotik, herriko gazteak berriz ere elkartuko dira abiatu ziren lekura, hain zuzen ere Itturburu ostatuan. Biharamuneko indarrak berreskuratzeko elkarrekin afalduko dute. Herriko neskek eskean ibiltzeko ohiturarik ez dute, baina lehenago bezala ez dira etxean egonen. Azken urte hauetan ohitura hartu duten bezala emakumeen afaria ospatuko dute elkartean. Ondotik kantatzeko eta dantzatzeko aukera izanen da karaokearekin eta Salaberrik eskainiko duen dantzaldiarekin.
Larunbatean bezperan bezala, Itturburu ostatuan gosaldu eta gero, herriko gazteek eskean ibiltzera aterako dira, eta eguerdian denak batera Fonda ostatuan bazkalduko dute. Egun horretako dantzaldia Modestok eskainiko du udaletxeko arkupetan arratsaldeko 8:00etatik 10:00ak arte. Gazteen afariari dagokionez Elor-txurin ostatuan eginen da.
Igandean, dudarik gabe Sunbillako inauterien egunik nagusian, karrozen desfilea eginen da 11:00etatik aitzinera. Urtero bezala, antolatzaileek gorputzen berotzeko eta indartzeko hainbat janari eta edari banatuko dituzte, hala nola, opilak, gaztainak, hezur salda, pintxoak eta ardoa. Desfileari buruz zehaztasun gutti ematen dituzte, baina aitzineko urteak kontuan hartuz pentsa daiteke aurtengoarentzat ere karroza eder, iringarri eta original franko prestatu dituztela. Hunen ondotik ikuskizuna eskainiko da frontoian, eta denbora berean, zerri, bildots eta urdaiazpikoaren zozketa eginen. 14:30ean parte hartzaile guziek Ulibeltza elkartean bazkalduko dute, eta ondotik dantzatzeko parada izanen dute Jalisko Band taldearekin.