Tokiko azpiegituren planaren barnean sartzen diren Nafarroako ipar-mendebaldeko hainbat obren finantzatzeko dirulaguntzak onartu ditu Nafarroako Gobernuak. Orotara 1.550.000 euro dira baina gure eskualdera 541.000euro besterik ez dira etorriko.
Arantzan udaletxeak dituen bi proiektu diruz lagunduko dira, batetik 26.500 euro zuzenduko dira Bordalarrea auzoko iturritik ur-biltegira doan hodia berritzeko, eta bertzetik 25.000 euro, herri erdiko hiru karriketako zola berritzeko, hala nola, San Salvadorkoa, Nagusikoa eta elizakoa. Donezteben, ur hornidura nagusian egin beharreko obrak dira diruz lagunduko direnak. Horretarako udalak 79.000 euro eskuratuko ditu. Hodi osoa berrituko da, ur-biltegitik herri erdiraino, eta obrak aprobetxatuko dira ur-biltegi berria eraikitzeko. Elbeten ere izanen dituzte laguntzak Autxitxia auzoko eta Elbetegarria karrikako ur beltzen sarean egin behar dituzten lanak finantzatzeko. Horretarako 45.000 euro zuzendu ditu Nafarroako Gobernuak. Gisa bereko obrak egiteko, Elizondok ere 35.500 euroko dirulaguntza eskuratuko du “Casas Baratas” delako auzoko ur beltzen sarea berritzeko. Erratzun, Donezteben bezala ur hornidura sare nagusia da berrituko dena, ur-biltegitik herri erdiraino. Lan horien betetzeko 54.000 euroko diru laguntza zuzenduko zaie. Baztan alde batera utziz, eta Bortzirietara itzuliz, Lesakako udaletxeak 183.000 euroko diru laguntza lortu du alde zaharra argitzeko egin behar dituzten lanen 2. fasea aitzinera eramateko. Bertzalde 93.000 euroko bigarren dirulaguntza bat izanen du Frain auzora edateko ura banatzeko proiektuarentzat.