Etxalarko EAk udaleko batzordeak utziko ditu

ttipi-ttapa 2007ko urtarrilaren 24a

EAren ustez Bertiz Partzuergoan herria ordezkatzen zuen Agustin Arribillaga kargutik kentzea erabaki koldarra izan da

Etxalarko EAk udaleko batzorde guziak utziko dituela jakinarazi du asteazken goizean prentsari helarazitako ohar baten bitartez. Joan den Astean Bertiz Partzuergoan Etxalarrek zuen ordezkaria Agustin Arrillaga, EAko zinegotzia, kargutik kendu zuen udalean gehiengoa duen Herri Taldeak. Horren ondorioz Etxalarko Eusko Alkartasunak udal batzorde guziak uzteko erabakia hartu du alkatetza duen taldeak hartutako neurria koldarra eta zekena iruditu zaielako. EAk jakinarazi duenez batzarreko gai zerrendan azken momentuan sartu zuten, eta beraz eztabaida mahai gainean jarri arte oposizioko zinegotziek ez zuten horren berri izan. Gaineratu dute hagitz momentu txarrean eman dutela erabakiaren berri, minutu batzuk lehenago Agustin Arribillagak osoko bilkura utzi behar izan zuelako ospitalera joateko. Bere burua defendatzeko astirik ere ez omen diote utzi.

EAren ustez erabaki horrekin Herri Taldeak bertze hainbat gaietan dituen ezintasunak ezkutatu nahi izan ditu Agustini itxurazko arazo batzuk leporatuz.

Egoera horren aitzinean jakinarazi dute hemendik aitzinera EAko taldeak osoko bilkuretan kontrolatzen egonen dela, eta Herri Taldeari eskatuko diola egiazko arazoak konpontzea haien taldea gauzak behin eta berriz eskatu gabe.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun