Etxalarko EAk abiadura handiko internet eskatu du herri guzirako

ttipi-ttapa 2007ko urt. 24a, 11:12

Bertze errepikagailu batzuk paratu beharko lirateke herrian

Etxalarko EAk bertze behin ere abiadura handiko internet hartzeko posibilitatea herri guziari eskaintzea eskatu dio Nafarroako Gobernuari.

Alderdiak 3 urte darama eskaera hori bideratzen Etxalarko udalaren bitartez edo Nafarroako parlamentuan duen taldearen bitartez. Hainbat mozio eta eskaera parlamentarien ondotik, joan den urtean banda zabaleko internet jarri zuten herrian, baina sistema horrek Nafarroako Gobernuak kudeatzen dituen telebistetako antenak erabiltzen ditu. Etxalarko herriari dagokionez, Fraingo errepikagailuak betetzen du lan hori, baina herriko auzo batzuk emisiorik gabe gelditzen dira itzalgunetan. Telebista udaleko antena batzuen bitartez jasotzen badute, banda zabaleko internet zerbitzuari dagokionez ez dute deus hartzen.

Egoera horren aitzinean Etxalarko EA taldeak Nafarroako Gobernuari behar den azpiegitura paratzea eskatu dio baserrietako herritar guziek abiadura handiko internetez gozatzeko aukera izan dezaten.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun