Herriko eskolaren arazoari irtenbide bat aurkitu nahian, Iturengo guraso, ikasle eta irakasleak Iruñara joanen dira asteazkenean. Bertan Nafarroako ordezkari batekin bilduko dira konponbide bat adosteko. Iturengo ordezkaritza barnean dagoen bitartean gaineratiko lagunek bi orduko egonaldi isila eginen dute Nafarroako Gobernuko egoitzaren atarian.
Gaur egun eskola Herriko Etxean kokatua dago, nagusiki bigarren solairuan. Indarrean diren segurtasun neurriak ez ditu inondik errespetatzen. Horretarako Gobernuak dagozkion ardurak har ditzala eta konponbide bat eskaini dezala nahi dute Iturendarrek.
Duela aste batzuk sute bat piztu zen Herriko Etxeko tximenean, zorionez ez zen larria izan, eta eskolatik atera ahal izan zuten arazorik gabe. Horrelako egoera horien aitzinean eskolako arduradunei beharrezkoa iduritzen zaie lehen bai lehen neurriak hartzea.