Doneztebeko Udalak herriko kirol elkarteei udal instalazioak erabiltzeagatik kobratzeko erabakia bertan behera utzi ondotik, Erreka kirol elkarteko zuzendaritza batzordeak urtero egiten diren jarduerekin aitzinera segitzea erabaki du. Horrela, Erreka kirol elkarteak Herri Krosaren 27. edizioa antolatu du. Ekainaren 26an burutuko da laisterketa. Izen ematea egun berean eginen da. Aurrebenjaminak, benjaminak, alebinak eta infantilak 10:30etan aterako dira. Jubenilak, seniorrak eta beteranoak, 11:30etan. Aurrebenjamin eta benjamin mailako neska-mutikoek 200 metroko ibilbidea osatu beharko dute, alebinek 500 metrokoa, infantilek kilometro batekoa, jubenilek eta senior mailako emakumeek 4 kilometrokoa eta gizonezko senior eta beteranoek 8 kilometrokoa. Gizonezkoen irabazleak 120 euroko saria izanen du, bigarrenak 90 euro, hirugarrenak 60 euro, laugarrenak 45 euro eta bosgarrenak 30 euro. Emakumeetan, irabazleak 60 euro eskuratuko ditu, bigarrenak 45 euro eta hirugarrenak 30 euro.