Karmelo Rekarte da Casino La Unioneko presidente berria

ttipi-ttapa 2007ko urtarrilaren 23a

Elkarteko kideen kopurua ez mugatzea erabaki dute

Casino La Union Doneztebeko elkarteko batzar orokorra egin zen joan den igandean. Ohiko gaiak aipatzeaz gain, zuzendaritza batzordearen erdia berritu zuten, eta elkarteko estatutuei buruz hausnartu.

Elkarteak 200 bat kide baditu ere, igandeko batzarrean 13 lagun besterik ez ziren bildu. Hala ere, egin beharreko lana burutu zuten. Horiek horrela, batzarreko gai nagusienetariko bat presidentea, idazkaria eta zuzendaritza batzordeko kide baten ordezkatzea izan zen joan den urtean onartutako arautegiaren arabera. Aurreikusi bezala, Alejandro San Miguel, Alejandro Maylin eta Oskar Mindegiak batzordea utzi zuten, eta azken urte huntan elkarteko kargu gorenak zituzten Javier Andueza, Felipe Ganboa eta Peio Iribarren ordezkoak izaten pasatu ziren. Hauen lekua hartzeko hiru kide sartu ziren zuzendaritza batzordean, Karmelo Rekarte presidente postuan, Jose Luis Arotzena idazkari postuan, eta Joxe Mari Urroz batzorde kide baten postuan.

Bilera ezuste handirik gabe iragan zen, aitzineko akta, balantze ekonomikoa eta batzorde berria onartu zen arazorik gabe. Bere garaian kideen kopurua mugatzea proposatu bazen, joan den igandean bildutako kideak neurri hori ez onartzea erabaki zuten, baina bestalde, kide izateko ezaugarri batzuk finkatu zituzten. Horiek horrela, hemendik aitzinera Casino La Unioneko partaide izateko, Donezteben sortua, bizi edo erroldatua izan beharko da.

Bertze gai arrunt batzuk ere aipatu zituzten, tartean egoitzako teilatua eta elkarteko prezioak. Azken hauen kasuan igotzea ere onartu zuten. Proiektuei dagokionez, Ttipi Ttapari jakinarazi diotenez, otsailean ohiko barrikotea eta maiatzean kideen bazkaria antolatzeko asmoa dute. Pala txapelketa baten antolatzea ere aipatu dute baina kasu huntan ez dute deus erabaki.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun