Ekainaren 4-5eko asteburuan Azkaingo Herriko Kultur eta Turismo Bulegoak, Pastore Lore eguna antolatu du. Larunbat gauean, ahate jokoaren moldaketa bat egin dute loreak emanez ahateen ordez. Ondotik, plazan bertan «Hildago» deitu filmaren hedapena izan da.
Igandean, goizeko 7etatik goiti, abeltzainak eta laguntzeko gogoa zutenek, Larruneko bazterretan ibili dira pottokak elgarretarazteko, Zazpi Iturriko hesi batean. Pottoka guztiak elkartu eta, txalapartariak aritu dira eta ondotik Xumai Muruak bertsu batzu atera ditu.
Gero, abeltzain eta bihotz oneko jendeak pottokak inguratu dituzte, azkaingo herrira jausteko. Harrobietara ailegatu eta, zaldizkoak tradiziozko jantziekin desfilearen aitzina hartu dute pottokak eramaiteko elizaren gibelean den zelaira. Han bertan, Benat Achiary-k kantuz errezibitu ditu. Honen ondotik, bertsu batzu eta gero, prezio ezartze desberdinak izan dira: pottokak, bizikleta loreztatuak, marrazkiak...
Arratsaldean, ardi ilemoztea eskuz eta elektrikaz izan da. Azkaindarrak bat elkarteak "pilotasoro bote luze" partida antolatu du. "Bote luzea" errebote aurreko jokoa da, bainan esku huska eta zelai batean jokatzen dena. Animazio desberdinak atxemaiten ahal ziren haurrentzat: pottoken gainean itzulia egin, beho-ka biltze erakuspena, hertze agertzea… Egun guzian, erakusketak baziren, herrian bertan: eztia eta erleen lana, lihoa (landatik oihal egite arte) etabar... Eguna mutxikoekin bururatu da, giro on batean.